Statkraften parke eolikoak: trantsizioaren eta inpaktuaren balantzan

Statkraftek prozesu parte-hartzailea abiarazi du, Piaspe eta Itsarazeko parke eolikoak eraikitze aldera, baina aldeko zein kontrako ikuspuntuekin egin du topo. Trantsizio energetikoa bultzatzea ezinbestekoa izanik ere, jokoan dira menpekotasuna eta ingurugiroarekiko inpaktua

Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock

Lau haizetara zabaldu da Statkraft enpresak parke eoliko bi jartzeko Eusko Jaurlaritzari aurkezturiko proiektua: bata, Piaspekoa, Azpeitia, Errezil eta Zestoa (Gipuzkoa) artean; bestea, Itsarazekoa, Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba) artean. Antza, "zero puntuan" dago oraindik, baina proposamenak hautsa astindu du. Horren azken erakusgarria izan da asteartean Azpeitiko Soreazu antzokian eginiko bilera. Topaketaren helburua zen Udalak eta Norvegiako enpresak egitasmoaren nondik norakoak partekatzea herritarrekin, eta prozesu parte-hartzailea zabaltzea. Eta parkea iragarri zenetik han eta hemen gertatu bezala, antzokian ere aldeko zein kontrako ikuspegiak ikusi ziren. Bi dira, bereziki, eztabaidaren gakoak: menpekotasuna eta ingurugiroan inpaktua. Baina gako horiek ulertzeko Statkraften izaera ulertu behar dira lehenik.

Izan ere, Statkraft, multinazionala bada ere, Norvegiako estatuaren jabetzakoa da. "Enpresa publikoa izanda lortzen dituen irabazien parte bat batez ere pentsioetara eta halako beste inbertsioetara bideratzen du. Printzipioz ez dirudi Defentsako aurrekontura ekarpenik egiten dutenik, nahiz eta hor letra txikia irakurri beharko litzatekeen", azaldu du Aitor Urresti Gonzalez EHUko irakasle eta Energia Berriztagarrietan adituak. Sozializazio ikuspegi hori bera Urola Erdian eta Debagoienan egingo dituen bi parke eolikoetara ekarriko duela dirudi, lurraldean sortzen diren irabazien parte bat bertara bideratuko baitu: "energia fotovoltaikoaren esparruan nahiko ohikoa da proiektu partekatu eta sozializatuak izatea; eolikoan, aldiz, oso arraroa da horrelako zerbait aurkitzea", azpimarratu du EHUko irakasleak.

Oraindik ikusteko dago, baina, irabazien zenbatekoa bideratuko duen lurraldera. "Sozializazioak egiten direnean, normalean, parke edo instalazioaren parte bat bertako gizartearen esku geratzen da, baina parte minimo bat izaten da, % 10 eta % 20 bitartekoa", dio Urrestik. Hala da, adibidez, Balear Uhartetan. Legearen arabera, 5 MW baino gehiago duten instalazioek ekarpen hori egin behar dute. "Edozein kasutan, enpresak berak mantendu ohi du instalazioaren kontrola. Beraz, Statkraften eskuetan geratzen bada, ezin da ahaztu ez dela geure enpresa publikoa, nahiz eta enpresa publikoa izan", nabarmendu du adituak. Azken hau, Elkarrekin Podemos-IUk kontra egiteko erabilitako argudioetako bat izan da.

Burujabetzarako aukera

Astearteko bileran azaldu zutenez, Piaspeko parke eolikoak bost haize errota izatea aurreikusi dute, bakoitza gehienez 205 metrokoa eta 6,6 MWko gaitasunarekin. 24.300 etxerentzat energia sortzeko gaitasuna izango du, alegia, 32 MWeko potentziarekin urtean 84,7 GWh energia ekoizteko gai izango da. Itsarazeko proiektuari dagokionez, momentuz ez da halako bilera irekirik egin herritarrekin. Dena den, Piaspekoa baino handiagoa izango da, 50 MWko potentzia izango du, 44.000 etxerentzat energia sortzeko gaitasunarekin —153,8 GWh urtean—. Bien artean, guztira, 90 milioi euroko inbertsioa egingo du multinazional norvegiarrak, eta gainontzeko xehetasunak oraindik ikusteko daude.

Ikuspegi energetikotik, menpekotasun energetikoa galtzeko bidean irtenbide bat eman diezaieke egitasmoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari. "Une honetan kontsumitzen dugun %10 besterik ez dugu guk sortzen, beraz, bide luzea dugu egiteko energetikoki burujabeak izateko. Aipaturiko bi parke eolikoen kasuan, energia hori hemen sortu eta kontsumituko da, nahiz eta gero halako balantze ekonomikoen bitartez beste nonbait ere saldu", plazaratu du Urrestik. Hain zuzen, energiaren burujabetzaren beharra izan da EH Bilduk azpimarratutako alderdietako bat, eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ere energia "hemen sortzea" ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Aitor Urresti: "Piaspe eta Itsaraz parke eolikoen kasuan, energia hori hemen sortu eta kontsumituko da, nahiz eta gero halako balantze ekonomikoen bitartez beste nonbait ere saldu"

Gainera, energia berriztagarria izanik, trantsizio energetikoan beste pauso bat emateko aukera eskaintzen du, horretarako ezinbestekoa baita instalazio berriztagarriak jartzea. "Energia eolikoa guretzat oso interesgarria da, fotovoltaikoarekin alderatuta, potentzia bererako energia hirukoitza ematen baitu", azpimarratu du. Hau da, 3.000 ordutan dabil, eta fotovoltaikoa bakarrik 1.000tan.

Ingurugiroaren kaltetan?

Egitasmoaren kontra egiteko erabilitako argudio nagusia izan da haize errotek sortzen duten inpaktua, bai ingurugiroan, bai paisaian bertan. "Pentsatu behar dugu jarriko dituzten errota horiek 200 metroko altuera dutela. Ideia bat egiteko, Bilboko Iberdrolako dorreak 160 metro ditu. Hori baino altuagoa izango litzateke, mendi puntan jarrita. Inpaktu garrantzitsua izan dezake kokalekuaren arabera —hegaztiak badaude, adibidez— eta aerosorgailuen arteko distantziaren arabera, esaterako", adierazi du Urrestik. Piaspeko zenbait eremu, Azpeitiko bileran adierazitakoaren arabera, korridore ekologiko eta interes paisajistiko gisa jasota daude, beraz, babestuta daude.

Dena den, haize errotak zehazki non izango diren ez du argitu enpresak, ebaluatzeke baitago. "Energia berriztagarriez ari garenean, teknikoki esaten dugu dentsitate baxuko sistemak direla; hau da, azalera asko bete behar dugu ohiko sistemek sortzen zuten energia kantitate berdina sortzeko. Ziklo konbinatu batek betetzen du eraikin arrunt baten tamainako lekua; instalazio fotovoltaiko batek edo aerosorgailu batzuk leku askoz handiagoa betetzen dute, horrek dakarren inpaktuarekin", azaldu du.

Gakoa da Eusko Jarularitzak lurralde plangintza sektoriala eguneratu eta onartzea, horretan jasotzen baitira energia berriztagarriei lotutako ikuspegia, non kokatu halako instalazioak, eta bete behar diren baldintzak

Horretarako gakoa da Eusko Jaurlaritzak lurralde plangintza sektoriala eguneratu eta onartzea, horretan jasotzen baitira energia berriztagarriei lotutako ikuspegia, non kokatu halako instalazioak, eta bete behar diren baldintzak. Egun indarrean dagoen araudia 2002koa da. Antza, araudi berria egitekotan dabil Jaurlaritza, baina oraindik ez du halakorik aurkeztu. "Egindako kalkuluen arabera, gure lurraldearen % 10 baino gutxiago beharko genuke energia berriztagarriak jartzeko. Orain aukeratu behar dugu zeintzuk diren leku aproposak, baina horrek plangintza behar du, Eusko Jaurlaritzak egin behar duena eta egin ez duena. Une honetan geroz eta proiektu gehiago sartzen ari dira karreran, eta plangintzarik gabe gaude", kontatu du Energia Berriztagarrietan adituak.

Bestelako eredua abiapuntu

Statkraften parke eolikoen kasuan oraindik garaiz iritsi daiteke plana. Enpresak esandakoaren arabera, haize errota parkea 2026 bukaeran edo 2027an jarriko da martxan, eta prozesu parte-hartzailearekin jarraituko duela dirudi. Hain zuzen, egitasmoak izandako beste bereizgarrietako bat izan da hori orain arte bestelako energia berriztagarri egitasmoak garatzeko egin diren prozesuekin alderatuta. "Normalean horrelako enpresa batek proposamena duenean parke eoliko bat egiteko, dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzan aurkezten du zuzenean, eta listo. Hau da, ez du inorrekin hitz egiten, aldez aurretik partekatzen, parte-hartzea sustatzen", adierazi du Urrestik.

Statkraftek, zentzu horretan, bide luzeago batik ekin dio, eta EH Bilduk, esaterako, hori ere nabarmendu du . "Joan da lehenik udaletxera, beraiekin hitz egin du, komentatu die zein nolako proiektua daukaten, eta prozesua hasi dute. Dirudienez, hasierako puntu honetan behintzat, guztia da eztabaidagarria", gaineratu du. "Nik uste proiektu interesgarria izan daitekeela behintzat ikuspegi horretatik. Ikusi behar da, ingurugiroa eta inpaktua kontuan hartuta, zein proiektu sortzen den azkenean. Baina sarrera oso bestelakoa izan da", bukatu du Urrestik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK