Tecnaliak Gasteiz osoa deskarbonizatutako energiaz hornituko duen bero eta hotz sarea eratu nahi du

Udalak 143.990 euroan (BEZa barne) esleitu du kontratua

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak Tecnalia Research & Innovation Fundazioari esleitu dizkio Udalari bero-sarea zehazten lagunduko dion aholkularitza egiteko lanak, sare horri lotutako birgaitze-plana, eta koordinazio eta laguntza bulegoa. 143.990 euroan (BEZa barne) eta bederatzi hilabete eta bi asteko jarduera-epearekin esleitu du kontratu hori.

Ohar bidez, Gorka Urtaran alkateak Ana Oregik zuzentzen duen Lurralde eta Klimaren Aldeko Ekintza Sailak bultzatutako proiektu honen azterketaren berri eman zuenean esandakoak gogorarazi ditu Gasteizko Udalak: "Klimari lotuta neutroak diren Europako hirien misioaren parte gara, eta konpromiso irmoa hartu dugu horrekin. Berogailu eta hozte-sistemak dira berotegi efektuko gas gehien igortzen dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa da 2030era begira jardutea, Europako klima neutraltasuna lortzeko”.

Zentzu horretan, alkateak azaldu zuenez, gaur egun hiriko eraikinetako berogailua gasean eta, neurri txikiagoan, beste iturri batzuetan oinarritzen dela kontuan hartuta (gasolioa, besteak beste), "hiri mailako bero-sare batek aukera emango luke iturri deskarbonizatuetarako trantsizio energetikoaren prozesua bizkortzeko eta izugarri errazteko".

Udalak adierazi duenez, proiektuaren berezitasunetako bat da hotz-eskari potentziala ere kontuan hartuko duela, "orain oso mugatua baita Gasteizen, baina etorkizunean klima-aldaketaren ondorioengatik alda liteke".

Sare termiko deskarbonizatu horren hedapen posibleari energia eraginkortasuna bultzatzeko plan bat gehituko litzaioke. Plan horretan, ibilgailu elektrikoa birkargatzeko puntuak eta sorkuntza berriztagarria sartuko lirateke. Proiektuak, halaber, koordinaziorako eta herritarrei laguntzeko bulego bat sortzea ere aurreikusten du.

Asteazken honetan esleitutako aholkularitzak Gasteizko Udalari laguntza emango dio bero-sarea, birgaitze-plana eta koordinazio- eta laguntza-bulegoa aldez aurretik zehazteko prozesuan. Tecnaliak, bere aldetik, lizitazioaren esparrua prestatu beharko du, eta, ondoren, lanak edo emakidak lizitatzeko agiri teknikoak eta administratiboak egiten lagundu beharko du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK