Ur-errotak, norabide berean biraka

Duela ia urtebete osatu zen Euskal Herriko Argindar Egileen Elkargoa. Iparraldeko hidroelektrizitate ekoizleek osatutako taldea da, energia berriztagarriari bultzada emateko

Mauleko eihera, Ühaitza ibaiaren ondoan, iazko uztailan | Argazkia: Christine Etchegoyhen Mauleko eihera, Ühaitza ibaiaren ondoan, iazko uztailan | Argazkia: Christine Etchegoyhen

Euskal paisaiaren parte dira errotak eta eiherak. Eremu euritsua eta umela izaki, errekek emari handia ekarri ohi dute, eta ur horren indarraz baliatu dira historikoki hainbat sektore: irinarena bereziki, baina baita olak eta altzairutegiak ere, papertegiak, argindarrarena… Azken urteetan, ordea, errota horien jarduna apaltzen joan da, elektrizitate ekoizpena jaisten; eta egoerari elkarrekin aurre egiteko, Euskal Herriko Argindar Egileen Elkargoa sortu zuten joan den ekainean.

Ipar Euskal Herrian ez da halakorik ikusi orain arte: eiheren jabe pribatuak eta argindar ekoizle handixeagoak (EDF edota Shem enpresak, kasurako), denak talde beraren parte. 16 ekoizle guztira, eta 20 zentral hidroelektriko. Errobi, Urdazuri, Biduze, Ühaitza eta beste hainbat ibairen ertzetan kokatuta. Bertan lortutako argindarra tokiko sarera bidaltzen da, eta modu lokalean laguntzen du elektrizitate-maila egokia mantentzen.

“Gure ekoizpenari duen balioa eman nahi izan diogu”. Hala dio Christine Etchegoyhenek, Mauleko eiheraren arduradunak. Bere birraitatxik jarri zuen lehen turbina Zuberoako hiriburuan, 1891. urtean, eta ordutik familiaren historiaren parte izan da errota. “Gogorarazi behar da ura hartzen dugula, eta osoki itzultzen dela ibaira, berotu edota kutsatu gabe. Gure argindarra tokikoa da, garbia, berriztagarria, eta bertako sareari laguntzen dio”.

Xarta, elkarlanaren lehen urratsa

Indarrak batu, eta euren lana denboran mantentzeko asmoz sortu zuten Argindar Egileen Elkargoa. Etchegoyhenen hitzetan: “Ohartu ginen ekoizpena ez zela izan zitekeen bezain handia, eta instalazioak hobetzeko eginahalak etengabe eginda ere, zigortuak sentitzen ginen. Denek elkarrekin, gure esperientziak parteka ditzakegu”. Iritzi berekoa da Jean-Louis Harignordoquy, Baigorriko Laka zentralaren jabea: “Elkartu ginen, badakigulako energia berriztagarrien partea emendatzen ahal dela mendialdean, hidroelektrizitateari esker. Elkarrekin erran nahi dugu hori”.

Xartaren sinadura-ekitaldia, 2022ko ekainean
Xartaren sinadura ekitaldia, 2022ko ekainean | Argazkia: Christine Etchegoyhen

Prozesu kolektiboa egituratzeko, xarta bat, agiri bat sinatu zuten 2022ko ekainean, Maulen. Bertan agertzen dira taldearen helburu nagusiak; tartean, kontsumo elektrikoan laguntzea, ekoizpen posiblea handitzea, bioaniztasuna errespetatzea eta, batez ere, herritarrekiko komunikazioa hobetzea. Izan ere, sarri ezkutaturik izan da sektorea, Harignordoquyk azaltzen duenez. “Zentral elektriko asko ur bazterretan gaude, beherean, eta orduan toki askotatik ez dira nabari. Jendea bertara joaten ez baldin bada, ez da ohartzen”.

Ezezagutzatik izen onera

Testuinguruak, baina, komunikazio lanetan lagundu die. Etchegoyhenek hala ikusi du. “Orain energia-eskasiarekin, fokua guregan jarri da berriz. Jende anitzek ez zekien, baina konturatu dira tokiko zentral hidroelektrikoek herri batzuen % 50, % 60 edota % 100 asetzen dutela. Eta horrek harrotasuna pizten du jendearengan”. Halaber, euren jarduna ezagutarazteko, ateak ireki dituzte Ondarearen Egunetan edota Energia Berriztagarrien Egunetan, baita Hirigune Elkargoak antolatutako Klima astean zehar ere.

Christine Etchegoyhen: “Orain energia-eskasiarekin, fokua guregan jarri da berriz. Jende anitzek ez zekien, baina konturatu dira tokiko zentral hidroelektrikoek herri batzuen % 50, % 60 edota % 100 asetzen dutela"

Hain zuzen, Euskal Hirigune Elkargoak babesa adierazi die, elkarlanerako hitzarmen bat sinatuta. 2020an egindako azken txostenean, erakundeak “potentzial handia” egozten dio sektoreari, datuetan oinarrituta: Iparraldeko eihera eta zentral hidroelektrikoek 111 GWh (GigaWatt orduko) ekoizten dituzte urtero; lurraldearen elektrizitate-kontsumoaren % 7, alegia. Ligi-Atherein ekoizten dute energia gehien (71,7 GWh urtean), Bankak (11,7 GWh) eta Maulek (6,7 GWh) jarraituta. Argindarra 12.160 etxebizitzari emango liokete orotara; hots, 25.000 biztanle baino gehiagori.

Erronkaz beteriko sektorea

Alta, Argindar Egileen Elkargoak badu erronkarik ere. Epe motzera, baimenen berritzeak larritzen ditu gehien: datozen urteetan, errota gehienek berriz eskatu beharko dituzte jarduera-baimenak, eta ez dira fio. Harignordoquy baigorriarrak hala ihardetsi du: “Frantses administrazioa ez da baitezpada borondate onekoa arlo horretan: berak ematen ditu baimenak, eta bilatzen duena da beti baldintza gero eta gogorragoak ematea. Baldintza horiek gogorregiak baldin badira, eta gainera ekoizteko ahala apaltzen badute… Heldu da momentu bat non zentrala ez den emankorra”.

Jean-Louis Harignordoquy: “Frantses administrazioa ez da baitezpada borondate onekoa arlo horretan: berak ematen ditu baimenak, eta bilatzen duena da beti baldintza gero eta gogorragoak ematea"

Epe luzera, berriz, aldaketa klimatikoa izango dute desafio handiena, Etchegoyhen mauletarrak aurreikusi bezala: “Lehen baziren garai euritsuak eta idorrak, eta horren arabera egiten genituen hobetze lanak. Orain, ordea, malguago jokatu behar dugu. Gero eta gehiagotan izaten ditugu muturreko fenomenoak: uholde biziki handiak, idorte nabarmenak… Ahalik eta hobekien moldatzeko eginahalak egiten ari gara, eta egin beharko ditugu”. Ez dute beste aukerarik, eiherek itzulika jarraitzea nahi baitute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK