Zerga araudi egonkorrik ezean, hainbat inbertsio eten ditzake Repsolek

Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak pasa den astean Josu Jon Imazek esandakoa berretsi du

Lopez Atxurra Petronorreko presidentea | Argazkia: Europa Press Lopez Atxurra Petronorreko presidentea | Argazkia: Europa Press

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak, pasa den astean Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak eginiko adierazpenak berretsi ditu gaur. Orduan Imazek zera esan zuen: Espainiako gobernuak energia konpainien zergari eutsiz gero, Repsolek Espainiako Estatuan egingo dituen inbertsioak baldintzatuko lituzkeela.

Hala, Radio Euskadin gaur egindako elkarrizketan, Petronorreko presidenteak Imazek eginiko adierazpenak Repsolen administrazio kontseiluaren iritzia islatzen dutela adierazi du. Aitzitik, konpainiak duen konpromisoa azpimarratu du, Espainiatik alde egingo dutela ez dutela sekula esan argituz.

"Aurreikusteko moduko arautegi egonkor bat" ez badago, inbertsio batzuk gelditu egingo direla esan du Lopez Atxurrak. Edonola ere, erregai sintetikoaren eta hidrogeno berdearen inguruko 2,5 eta 10 MWko inbertsioak bermatuta daudela azaldu du. Zalantzan daudenak erregai sintetikoaren etorkizuneko industria lantegia eraikitzeko behar direnak eta 100 MWko hidrogeno instalakuntzarena dira.

Zergei dagokionez, diskriminizaziorik ez egotea eskatu du Lopez Atxurrak, eta ezin dela "salbuezpenezko zerga sistema bat" ezarri adierazi du. "Zergak gizartearen ongizaterako aktibo garrantzitsuak dira, eta hortaz, beharrezkoak, baina zerga bilketak politika publikoen maximizazioa behar du, zerbitzu publikoen efizientzia". Hala, Petronorreko presidenteak konpainiak 2019 eta 2022 bitartean, Bizkaiko Ogasunean eta Estatuko administrazioan zergetan 5.000 milioi euro ordaindu dituela gogorarazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK