• Ekonomia modu ulergarrian azaltzen duten edukiak dira EnpresaBIDEAko irakurleen gogokoenak

Ekonomia modu ulergarrian azaltzen duten edukiak dira EnpresaBIDEAko irakurleen gogokoenak

Irakurleek egindako ekarpenak aletu ditu EnpresaBIDEAko lantaldeak

Argazkia: EnpresaBIDEA
Argazkia: EnpresaBIDEA
2026ko urriaren 14a - 11:00

Pasa den hilabetean EnpresaBIDEAk galdetegi bat zabaldu zuen irakurleen artean, haien iritzi eta iradokizunak entzun asmoz. Galdetegia itxi eta lantaldeak emaitzak aletu ditu: hobetzekoak identifikatu, egunkariaren gaineko iritziak jaso, iradokizunak aztertu eta etorkizunean egin beharrekoen oharrak hartu dira.

 

Orain, eskuratutako emaitzak partekatzea dagokigu: zer baloratzen duten irakurleek, zer hobetu daitekeen eta zer bide berri ireki daitezkeen aurrera begira.

Ekonomia ulertzeko edukiak euskaraz

Irakurleek argi utzi dute zein eduki mota iruditzen zaien interesgarrien: ekonomia ulertzen laguntzen duten edukiak kokatu dira lehen postuan. Ekonomia-kontzeptuak modu ulergarrian azaltzen dituzten artikuluek interes berezia pizten dute, egunerokoan eragiten duten gaietara hurbiltzeko eta horiek hobeto ulertzeko aukera ematen baitute.

 

Interesa pizten duten gaien zerrendan ageri dira, halaber, joera ekonomikoak eta berrikuntza eta teknologia berriak. Bi esparruek pisu nabarmena izaten jarraitzen dute irakurleen artean, eta era berean, kultura, kirola eta gastronomia bezalako gaiek nabarmen gora egin dute irakurleen interesen artean.

Eta eduki motez harago, zer da irakurleek EnpresaBIDEAtik gehien baloratzen dutena? Galdetegian jasotakoaren arabera, euskaraz informazioa eskaintzea da egunkariaren indargune nagusia: erantzun duten irakurleen %92,3k hautatu du aukera hori. Ondotik, ekonomiaren dibulgazioa dago (%62,8k hautatu dute), eta erantzunen erdiak egunkariaren ekonomia eta enpresari buruzko ikuspegi zabala aitortu du.

Emaitzek, beraz, bi ideia nagusi erakusten dituzte: irakurleek ekonomia modu ulergarrian azaltzen duten edukiak bilatzen dituzte, eta, aldi berean, uste dute euskarazko informazio ekonomiko eta enpresariala eskaintzea dela EnpresaBIDEAren bereizgarrietako bat. Azken hori EnpresaBIDEAren indargune nagusi gisa agertzea ez da berritasuna: iazko galdetegian ere aukera horrek jaso zuen babes handiena. Emaitza bera errepikatzeak erakusten du euskarazko informazio ekonomiko eta enpresariala eskaintzeak balioa duela irakurleentzat; biziki esanguratsua da datua lantaldearentzat, hain zuzen ere EnpresaBIDEAren helburuetako bat delako euskararen presentzia eta erabilera lan eta enpresa-ingurunean indartzea.

 

Edukien kalitatea eta euskararen erabilera

EnpresaBIDEAko edukien inguruko balorazioa, oro har, positiboa izan da. Euskararen kalitatea da gehien nabarmendu den alorra, eta edukien kalitateak ere balorazio baikorra jaso du. Edukien originaltasunaren eta ahots-aniztasunaren alorretan, iritzi positiboak nagusi izan diren arren, hobekuntzak egiteko tartea antzeman du lantaldeak.

Azken urtebetean eginiko aldaketei buruz ere galdetu die egunkariak irakurleei. %64,1ek nahiago du azal dinamikoari lehentasuna ematea, eta irakurleen %42,3k sumatu du EnpresaBIDEAk eduki audiobisualen alde egindako apustua. Hala ere, galdetegiko emaitzek erakusten dute joera hori ez dela oraindik irakurle guztiengana iritsi: zati batek (%34,62k) ez du aldaketa hori hauteman, eta beste hainbatek (%23k) ez du gaiari buruzko iritzirik eman. 

 

Galdetegiak, gainera, egunkariaren edukiei buruzko bestelako ekarpenak ere jaso ditu, eta horiek ere kontuan izango ditu EnpresaBIDEAk aurrera begira. Elkarrizketatzeko pertsonen proposamenak, kolaboratzaile berrien inguruko iradokizunak, landu beharreko gaiak eta jasotako bestelako ekarpenak lantaldearen mahai gainean izango dira, erabilgarriak baitira egunkariaren etorkizuneko edukiak eta bide berriak lantzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain