EnpresaBIDEAk I. Topaketa egingo du ekainaren 7an

Bilbon izango da, eguerdiko 12:00etan. Izen-ematea zabalik dago

Topaketak bi mahai-inguru izango ditu Topaketak bi mahai-inguru izango ditu

Lurralde-lehiakortasunaren oraina eta etorkizuna, eta euskarak ekonomia eta enpresa munduan duen rola izango ditu hizpide EnpresaBIDEAren I. Topaketak. Horretarako, euskal ekosistema ekonomikoko zenbait erreferente gonbidatu ditugu mahai inguruetara: Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusia, eta Estibaliz Goñi Iberdrolako Prozesu eta Teknologien zuzendaria izango dira lurralde-lehiakortasunaz solasean, Maite Reizabal EnpresaBIDEAko erredakzio-buruak moderatuko duen mahai inguruan; Leire Mugerza Mondragoneko Kontseilu Errektoreko presidentea, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidentea, Jasone Aretxabaleta SPRIko Euskara Planeko arduraduna eta Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko presidenteordea arituko dira euskara, ekonomia eta enpresari buruz hizketan, Niko Cuenca EnpresaBIDEAko koordinatzaileak moderatuta. Ekitaldia Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mondragon Taldeak babestuko dute.

Ekonomia eta enpresa gaiak euskaraz jorratzeko helburuarekin sortu zen EnpresaBIDEA, ikuspegi zabala eta kritikoa eskainiz. Testuinguru horretan, beste pauso bat eman nahi du I. Topaketa antolatuta. Batetik, ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema ikusarazi eta kohesionatzeko bokazioa izan duelako hasieratik, eta topaketa honek helburu horri erantzuteko aukera eskaintzen duelako, euskal ekosistemako askotariko eragileak leku bakar baten bilduta. Bestetik, ekonomia eta enpresa gaiez euskaraz hitz egiteko espazio bat izan nahi du, euskararen normalizazioan lagungarri izaten jarraitzeko lan eta enpresa-ingurunean.

Guztira ordu eta erdiko iraupena izango du, eta EnpresaBIDEAk orain arte emandako pausoez hausnartzeko tarte bat ere izango dugu, baita elkarrekin luntx txiki bat partekatzeko aukera ere.

Etorri nahi duzu? Eman izena esteka honen bitartez. Aurrez aurre elkar ikusteko aukera polita izan daitekeela uste dugu.

babesleak enpresabidea topaketa
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK