
Duela aste batzuk EnpresaBIDEAko taldeak galdetegi berezia luzatu zien irakurleei, euren iritzia jasotzeko. Zehazki, galdetegiaren azken helburua izan da ezagutzea irakurleek zer-nola identifikatzen eta antzematen duten EnpresaBIDEA, baita ekarpenak jasotzea ere, produktua hobetu asmoz.
Lehen begiradan zer pentsa eman digute erantzunek, eta eskuratutako emaitzak partekatzeko une aproposa deritzogu. Gauzak horrela, hauexek izan dira zuek, irakurleek, emandako datuetatik egin dugun irakurketa.
Euskaratik eta euskaraz
EnpresaBIDEAren indarguneaz galdetuta, nabarmen gailendu da honako erantzuna: informazioa euskaraz eskaintzea. Edukiak euskaratik eta euskaraz sortzeaz haratago, euskararen kalitatea egokitzat jo dute irakurleek. Hain zuzen, bost puntutatik bost eman dizkiote “euskararen kalitatea” aldagaiari inkesta erantzun duten hamar pertsonetatik zazpik.

Poztasunez jasotako datuak dira, hiru urtetan zehar euskararen normalizazioan eta erabileraren sustapenean ekarpen aktiboa egiten saiatu baita EnpresaBIDEA. Izan ere, hedabidearen funtsezko helburuetako bat da lan eta enpresa-ingurunean euskararen presentzia eta erabilera indartzea.
Hedabidearen indargune gisa nabarmendu diren bigarren eta hirugarren aldagaiak izan dira, hurrenez hurren, “ekonomiaren dibulgazioa egitea” eta “ekonomiari-enpresari buruz eskaintzen den ikuspegi zabala”. Ildo beretik, irakurleentzat zein gai diren interesekoak galdetzean, erantzunik hautatuena izan da “ekonomiaren kontzeptuak hobeto ulertzen laguntzen dituzten artikuluak”, eta bigarrena “tendentzia ekonomikoak” ezagutzea. Bestalde, berrikuntza eta teknologiari buruzko berriak (AA, blockchain…) eta jasangarritasunari buruzko gaiak dira inkestatuentzako, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren gairik interesgarrienak.
Hala ere, hobekuntza proposamenen artean jaso dira ikus-entzunezkoetara salto egitea, nekazaritzari edo laneko kulturari loturiko gai gehiago jorratzea, analisi ekonomiko gehiago eskaintzea...
Publikoa
Generoari dagokionez, inkestatuen %55,4k adierazi du gizonezkoa dela, eta %44,6k emakumezkoa. Egunkariaren helburua beti izan da eta izango da irakurleen artean (baita edukiei dagokienez ere) generoen arteko parekidetasuna lortzea, hau da, %50-%50 zifratik ahalik eta gertuen egotea; hori lortzeko etorkizunean gaia lantzen jarraituko du hedabideak. Haatik, eskuratutako zifra nahiko egokitzat du EnpresaBIDEAk, ekonomiari eta enpresei buruzko hedabidea izanik eta sektore bereziki maskulinizatua dela kontuan izanda, ez baita horren zifra desorekatua.

Adinari dagokionez, oraindik ere 18 eta 30 urte bitarteko gazteengana iristeko pausoak eman behar direla identifikatu da. Izan ere, inkesta erantzun dutenen %6,2k soilik aiderazi du adin tarte horretakoa dela; kontrara, 40 urtetik gorako pertsonak dira inkesta erantzun duten pertsonen %80.

Gauzak hala, gazteengana heltzeko pausoak aurreikusi ditu hedabideak datozen hilabeteetan. Halaber, idatziz eginiko gainontzeko proposamenak ere bildu ditu, eta aintzat hartuko ditu irakurleen beharretatik gertuago izan daitekeen EnpresaBIDEA eraiki asmoz.