10 urteko esne bidea: Karrantzatik etxeetara

Karrantza Haraneko 30 abeltzaintza-esplotaziok bat egin zuten orain 10 urte Eroskirekin euren esnea kooperatibaren markapean sal zedin. Pozik daude eginiko bidearekin

Iñigo Palacios El Arroyo baserrian, Karrantzan | Argazkia: Eroski
Iñigo Palacios El Arroyo baserrian, Karrantzan | Argazkia: Eroski
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko irailaren 11 - 05:30

Karrantzako haranean (Bizkaia) kokatutako El Arroyo baserriaren kudeaketaz arduratzen dira Iñigo Palacios eta Isabel Fernández senar-emazteak. Lehena abeltzaintzan aritzen den bitartean bigarrenaren lana da arlo administratiboarekin zerikusia duen guztia. "Niretzat abeltzaintza hobby bat zen, abeltzainen familia baten hazitakoa bainaiz", kontatu du Palaciosek. Bi behi jezten hasi zen, gero lau, sei... "Hamabost nituenean abeletxea erosi nuen". Egun 83 esne-behi dituzte, baita 70 bigantxa ere. "Egunero 3.300 litro esne jasotzen ditugu", azaldu du.

 

Eurena Karrantza Harana ENSra atxikitako 30 esplotazioetako bat da, inguruko hainbat abeltzain bateratzen dituena. Baina ekoizten duten esnea ez dugu supermerkatuetan izen horrekin topatzen, aski ezaguna zaigun beste marka baten pean baizik: Eroski. Bestela esanda, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan kontsumitzen den Eroski markako esne guztia Karrantza Harana ENSko kideek euren esplotazioetan bildutakoa da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan kontsumitzen den Eroski markako esne guztia Karrantza Harana ENSkoek euren esplotazioetan bildutakoa da

Lankidetza orain 10 urte hasi zen. "Ikusten ari ginen marka propioak geroz eta gehiago saltzen zirela, batez ere prezio aldetik zuten aldeagatik. Baina hornitzaile txikiak hortik kanpo geratzeko arriskua zegoen, eta erabaki genuen horretarako ere bertako esnea jartzea gure marka propioan", adierazi du Asier Guridi Eroskiko Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak. Alegia, "lurraldean aberastasuna" sortzeko modua bilatu zuten "tokiko ekoizleei lagundu eta gure bezeroei hurbileko produktu bat eskaintzeko kalitate berme guztiekin". Gauzak hala, EAEn eta Nafarroan erosiko dugun Eroski markako esnea ez da berdina izango, hornitzaileak lurraldekoak bertakoak baitira.

 

Ganadutegitik gure etxeetara, automatizazioa lagun

El Arroyo abeletxeko behiak jezteko prozesua ez da pentsa dezakeguna. Izan ere, automatizazioa du lagun Palaciosek bere lanean. "Ez dizkizu lan orduak murrizten, baina ordutegi ikuspegitik behintzat aukerak zabaltzen dizkizu. Ez zara goizeko 6tan hemen izan behar", adierazi du.

IMG 0781
Burdin hesiz inguraturiko kamera, zeinetan behiak jezten diren | Argazkia: EnpresaBIDEA

Animaliak —ez abeltzainak— egoki ikusten duenean, ukuiluan dagoen burdin hesiz inguraturiko kamera modukora gerturatzen da —bi daude denera—. Bertako sentsore eta panelek behiaren osasunari eta egoerari buruzko hainbat parametro aztertzen dituzte, eta egokitzat jotzen dituen kasuetan, jeztea abiarazten du. "Adibidez, behia orain gutxi jetzi badu, makinak hauteman egiten du eta ez du prozesua hasten", mahaigaineratu du abeltzainak. Behin amaitutakoan, hesia zabaldu, eta behia ateratzen da. Bitartean, makinak bildutako informazio guztia mugikorrean jasotzen du Palaciosek, eta horrek informazioa ematen dio ganaduari zein esneari buruz. "Horri esker, behiak askoz hobeto daude".

Iñigo Palacios (abeltzaina): "[Automatizazioak] ez dizkizu lan orduak murrizten, baina ordutegi ikuspegitik behintzat aukerak zabaltzen dizkizu

Hortik aurrera, Martin Crespo Karrantza Harana ENSko presidenteak azaldu duenez, Bildutako esnea kamioi batek jasotzen du bi egunean behin eta bailaran bertan kokatuta dagoen Lacteos de Carranza fabrikara eramaten du, egunean bertan landu eta ontziratzeko. "Lantegi horrekin akordio batera iritsi gara ekoizpenaz arduratu dadin", plazaratu du. Berrogehialdi epe baten ostean, biltegira eramaten da, eta bertatik hartzen du Eroskik behar duena. "Elorriora eramaten du lehenik, eta bertatik bere supermerkatuetan banatzen du", gaineratu du. 

Kalitatea eta enplegua

Crespok esnearen kalitatea azpimarratu du. "Beti berdina da, baita zapore aldetik ere, abeltzain berdinek eskaintzen baitugu. Gainera, bildu bezain pronto ontziratzen da ia-ia, toki berean. 0 kmkoa da".

Horrekin batera, harreman egonkorrak abeltzainei mesede egin diela defendatu du, eta baikortasunez baloratu du hamar urteko ibilbidea. "Esnearengatik ordaintzen den prezioan merkatuaren fluktuazioak albo batera utzi dira. Prezioa gutxi gora behera beti da berdina, batez bestekotik gorakoa, eta hori nabaritu egiten da esnea baxu dagoenean". Jardueran ekarritako egonkortasuna eta jarraipenaz ere mintzatu da. "Eta despopulazioa errealitatea den eremu batean, lana bermatu du, fabrika ere hemen dagoelako; esneagatik sortzen den balioa gure lurraldean gelditu da", plazaratu du. 

Crespo, Guridi eta Palacios, El Arroyo baserrira eginiko bisitan | Argazkia: Eroski
Crespo, Guridi eta Palacios, El Arroyo baserrira eginiko bisitan | Argazkia: Eroski

 

Banaketa kooperatiba ere pozik dago, lurraldearekin eta tokiko hornitzaileekin duten konpromisoari eusteaz gain, emaitzak ere aldekoak baitira: 120 milioi litro Eroski markapeko esne merkaturatu dituzte EAEn —10 milioi soilik 2025ean—, 93 milioi euroko salmenta ekarri diena; Nafarroaren kasuan, 30 milioi litro merkaturatu eta 23 milioi euroko salmentak izan dira. Erdigaingabetua da gehien saltzen dena, ondoren osoa eta azkenik gaingabetua.

Martin Crespo (Karrantza Harana ESN): "Despopulazioa errealitatea den eremu batean, lana bermatu du, fabrika ere hemen dagoelako"

Eroskiri egonkortasuna ere ematen dio harremanak. Eta euren ekarpena egiten saiatzen dira. "Hornitzaileei laguntzen diegu iraunkortasunaren arloan, araudiak dakartzan eskakizunetara egokitzeko eta lehiakortasunari eusteko orduan. Era berean, kontsumitzaileak etengabe entzunez jaso dugun jakintza partekatzen dugu haiekin, eta merkatuko joeren araberako proposamen berriak garatzen ditugu". 

Behien ongizatea eta belaunaldi erreleboa

"Guretzat gako da behiak ahalik eta erosoen eta ondoen egotea", esan du Palaciosek. Nahia zein betebeharra da, 2021ean animalien ongizatea bermatzen duen AENOR ziurtagiria eskuratu baitzuen Eroskik, eta urtero-urtero baserriek hori bermatzen dutela baieztatzeko proba pasa behar baitute. "Azken berrikuntza bentiladoreak izan dira, beroarekin laguntzeko". 

Beroak eta bazka faltak arazoak sortu dizkiela ez dute ukatu nekazariek, nahiz eta oraingoan gaian ez duten gehiegi sakondu nahi izan. "Bazkaren kostuak igo egin dira, eta prezioek ere gora egin dezaketeela aurreikusi daiteke", adierazi du Crespok.

Asier Guridi (Eroski): "Lurraldean aberastasuna sortzeko modua bilatu dugu tokiko ekoizleei lagundu eta gure bezeroei hurbileko produktu bat eskaintzeko kalitate berme guztiekin"

Etorkizunera begira ere jarri dira une batez hirurak ala hirurak, belaunaldi erreleboak ofizioaren erronka nagusia baita. Momentuz, Palaciosek urrun ikusten du, nahiz eta argi duen: "Lan gogorra da eta oso gustuko izan behar duzu".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain