• ENPRESAK GAUR
  • %11,4 egin dute gora Talgoren diru sarrerek lehenengo hiruhilekoan

%11,4 egin dute gora Talgoren diru sarrerek lehenengo hiruhilekoan

Trenen entrega bizkortzeaz gain, ekoizpen eta mantenu zerbitzuek bilakaera positiboa izan dute

Argazkia: Talgo
Argazkia: Talgo
2026ko maiatzaren 14a - 08:28
Eg. 2026ko maiatzaren 14a - 08:38

172 milioi euroko diru sarrerak lortu ditu Talgok 2026ko lehen seihilekoan. 2025ko epe berean baino %11,4 gehiago da. Hazkunde horretan eragin dute, batetik, azkartu egin dutela trenen entrega, eta bestetik, ekoizpen eta mantenu zerbitzuetan ere bilakaera baikorra izan dela. Hori gutxi balitz, eskaera zorro historikoa lortu du lehen urtarrila eta martxoa bitartean, 5.668 milioi eurokoa, 1.375 milioi euroko esleipen berriekin. Gainera, 14.000 milioi euroko merkataritza-aukerak zabaldu ditu hurrengo bi urteetarako, horietatik %80 baino gehiago Europan.

 

Urte osorako, oro har, hazkunde perspektibak ditu tren konpainiak, azken urteeta izandako galerei aurre egiteko ezinbesteko izango dena. Diru sarrerak 700 eta 800 milioi euro bitartekoak izatea espero du, eta esleipenak 1.500 eta 2.000 milioi euro artekoak. Urteko Ebitda %8an kokatu nahi du, eta momentuz, lehen seihileakoan 9,8 milioi eurokoa izan da. Ezohiko irabaziak kenduta, 12,3 milioi eurori buruz ariko ginateke, Ebitda %7,1ekoa izanik.

Ekitaldi hau izango da Sidenor buru duen euskal partzuergoak Talgo kudeatzen duen lehena, Jose Antonio Jainaga presidente dela. Iaztik da akziodun nagusi, Trilantic funtsari konpainiaren %29,7 eskuratu ostean. Diru sarrerak handitzeko estrategia sustatzeaz gain, konpainiaren egoitza soziala Ribabellosara (Araba) bueltan ekartzeko apustua egin dute akziodunek. Jainaga berak otsailean aurreratutakoaren arabera, 200 kontratazio berri aurreikusten dira Arabako plantan soilik 2026an. "Talgoren aro berriaren ezaugarri nagusia gure bezeroekiko, gure pertsonekiko eta hornitzaileekiko konpromisoa da", azpimarratu du oraingoan presidenteak.