Iberdrolarentzat egun garrantzitsua izan da gaurkoa: 125 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du konpainia elektrikoak Bilbon, eta bertan izan dira hainbat eta hainbat eragile; Imanol Pradales Lehendakaria eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ere bertaratu dira jardunaldira.
Nazioarteko enpresa bilakatu denak ekitaldia baliatu du berritasun bat aurkezteko: konpainiaren urteetako ibilbidea azaltzen duen oroitzapenezko liburu bat. 1901. urtetik hasita, liburuak aztertzen du nolakoa izan den Iberdrolaren bilakaera, azken hogeita bost urteetan izan duen eraldaketa, baita nazioartean izan duen hazkundea ere. Iraganaz eta orainaz hausnartzeaz gain, liburuak sektore elektrikoaren etorkizunean ere jartzen du fokua.
Hori gutxi balitz, konpainiak iragarri du 125 urteak goraipatzeko “ospakizun handia” ere egingo dela, “prestigio nazional handia” duten artistez osatuko den musika festibal baten eta argi-ikuskizun baten bitartez, hain zuzen ere.
“Iberdrola lehen euskal industrializazioaren alaba da”, esan du lehendakariak ekitaldian egin duen mintzaldian, eta gaur egun ”Europako industria- eta teknologia-pizkundeari ekiteko funtsezko pieza” ere badela baieztatu du. Era berean, halaxe definitu du enpresa Etxanobek: “Hemengo enpresa bat, bere historia eta etorkizuneko apustua lurralde honetan finkatzen dituena”.
138.000 milioi euroko kapitalizazioa gainditu du jada Iberdrolak, Europa mailako sektoreko konpainiarik handiena bilakatuta. Taldeak gaur-gaurkoz zerbitzua ematen die mundu osoko 100 milioi pertsonari baino gehiagori, eta 45.400 langile inguru ditu. Iaz 6.285 milioi euroko mozkin garbia lortu zuen konpainiak.
