Donostian kokatutako start-up berritzaile batek 1.450.000 euroko finantzaketa erronda itxi berri du, Kutxa Fundazioaren gidaritzapean. Konpainiak SafeLoc Systems du izena, eta sistema bat garatu du industria-inguruneetan pertsonen, ibilgailuen eta bestelako aktiboen kokapena zein den ezagutzeko, denbora errealean eta zehaztasun handiz. Hain zuzen ere, teknologia hori eskalatzera eta bultzatzera bideratuko da finantzaketa errondan lortutako dirua.
SafeLoc Systemsen teknologia RTLS (Real-Time Location Systems) sisteman eta UWB (Ultra-Wideband) komunikazioetan oinarritzen da. RTLSa pertsona edo objektu bat une bakoitzean non dagoen jakiteko sistema da; UWB, aldiz, irrati-komunikazioko teknologia da, kokapena zehaztasun handiz kalkulatzeko baliagarria. Bi teknologiak uztartuta, SafeLocek 10 eta 30 zentimetro arteko zehaztasunarekin kalkula dezake haien kokapena. Abantaila nagusia da lan-istripuak murriztea ahalbidetzen duela, arrisku-eremu batean pertsona bat dagoela identifikatu eta istripua gertatu aurretik jarduteko aukera eskaintzen duelako. "Lan-istripuak zeharo murriztea ahalbidetzen du espazio seguruak sortuz eta urtean 12.000 lanordu ere berreskuratuz, urtean 350.000 € inguru aurrezten direlarik instalazio bakoitzeko", adierazi du Kutxa Fundazioak.
Start-upa 2023an sortu zen, BeAble Capitalek bultzatuta, baina aurretik CEITen garatutako 15 urte baino gehiagoko I+G lana du oinarrian.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta