• ENPRESAK GAUR
  • 14,5 milioi euroko finantzazio erronda itxi du Donostiako Deneb Medicalek

14,5 milioi euroko finantzazio erronda itxi du Donostiako Deneb Medicalek

Kutxa Fundazioak 2,5 milioi euroko finantzazioa eskainiko du. 7,2 milioi Espainiako SETT erakundeak jarriko ditu eta beste 5 milioi AEBetako multinazional batek

Argazkia: Kutxa Fundazioa
Argazkia: Kutxa Fundazioa
2026ko irailaren 8a - 11:55

Donostiako Deneb Medical enpresak 14,7 milioi euroko finantzazio erronda berri itxi du. Bizkarrezurrerako kirurgia robotikoan espezializatutako konpainia da, eta Izar izeneko laser bidezko kirurgia sistema merkaturatzeko baliatuko du finantzazioa.

 

Enpresak SETT Sociedad Española para la Transformación Tecnológica erakundearen laguntza izan du finantzazioa lortzeko, baita Kutxa Fundazioarena eta gailu medikuetan espezializatuta dagoen multinazional estatubatuar batena ere. Zehazki, SETTek 7,2 milioi eurorekin finantzatuko du Donostiako enpresa, AEBetako multinazionalak 5 milioi euroko inbertsioa egingo du eta gainerako 2,5 milioiak Kutxa Fundazioak jarriko ditu.

“Bultzada finantzario eta estrategiko horri esker, urrats sendoz egin dugu aurrera mundu osoko ebakuntza-geletan gure teknologia ezartzeko bidean”, nabarmendu dute Deneb Medicalen zuzendaritzatik. “Bizkarrezurreko kirurgiaren automatizazio osoan ari gara lanean, zehatzagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa izan dadin”.

 

Azaldu dutenez, aliantza horrek aukera emango dio Deneb Medicali “hazkundea bizkortzeko, doitasun-kirurgiaren eta robotika aurreratuaren alorretan duen posizionamendua sendotzeko eta Izarren garapena optimizatzeko”. Gauzak horrela, Izarrek “berrikuntza disruptiboa” ekarriko du sektorera, robotika, fotonika eta adimen artifiziala uztartzen baititu bizkarrezurreko kirurgia erabat automatizatzeko.

Egun 22 laguneko lantaldea du Deneb Medicalek, eta zehaztu dutenez, finantzazio honek bermatuko du enpresak Donostian jarraitzea, bere errotzea indartuta.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain