
Iberdrolaren irabaziak handituz doaz urtez urte. CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari aurkeztu dizkio gaur iazko ekitaldiko emaitzak energia konpainiak. 5.612 milioi euroko mozkin garbiak eskuratu ditu, 2023an baino %17 gehiago. EBITDA ere handitu egin du, 16.848 milioi euroraino (%17).
17.000 milioi euroko inbertsioak egin ditu Iberdrolak 2024an, urtebete lehenago egindakoaren bikoitza. Horietatik %70 Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan izan dira. Elektrizitate sareen negozioan ardazten ari da bere hazkunde estrategia, 11.200 milioi euroko inbertsioa bideratu duelarik negozio horretara. Banaketan egindako inbertsio organikoez gain, garraio arloan izandako %54ko hazkundea nabarmentzen da, batez ere Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko proiektuetan. Horrela, sareen aktiboen oinarria %16 handitu da 49.000 milioi eurora iritsi arte.
Berriztagarrien negozioaren kasuan, ia 5.500 milioi euroko inbertsioa egin du Iberdrolak, eta horri esker, mundu osoan 44.478 megawatteko (MW) gaitasuna instalatzea lortu du. Egun, 158.000 milioi eurotan baloratutako aktiboak ditu konpainiak, eta 90.000 milioi euro inguruko kapitalizazioa.
Emaitza horiekin, Iberdrolako kontseiluak akzioko 0,404 euro gordineko ordainsari osagarria proposatuko du akziodunen batzar nagusian, eta horiei urtarrilean ordaindutako akzioko 0,231 euro gordineko dibidendua gehitu behar zaio. Horrela, enpresak akzioko 0,635 euro banatuko ditu 2024ko emaitzen kontura, hau da, %15eko igoera.