• ENPRESAK GAUR
  • 2.000 tona gurpil ekoizteari utziko dio Gasteizko Michelin lantegiak

2.000 tona gurpil ekoizteari utziko dio Gasteizko Michelin lantegiak

Erabakia hartzeko eskariaren jaitsiera argudiatu du enpresak. Sindikatuek, ordea, langileak beldurtzeko saiakera bat dela salatu dute

Michelinen Gasteizko lantegia | Argazkia: Michelin
Michelinen Gasteizko lantegia | Argazkia: Michelin
2023eko urriaren 3a
Eg. 2023eko urriaren 3a

Urtea amaitu arte, ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil ekoizteari utziko dio Gasteizko Michelin lantegiak. Taldeak jakinarazi duenez, produktuaren eskarien jaitsieragatik hartu dute erabakia, eta hala helarazi dio gaur zuzendaritzak langile batzordeari.

 

Era berean, zuzendaritzak ekoizpenaren murrizketak lan antolaketan izango dituen aldaketak azaldu ditu. Asteburuetako txandan utziko zaio gurpilak ekoizteari, eta 3.500 langile dituen fabrikako 1.350 langileri eragingo die.

Michelinen arabera, urte hasieran hasi ziren eskariak apaltzen, eta uda ostean areagotu egin da beherakada. Hori dela eta, hartu dute ekoizpena murrizteko erabakia. Aitzitik, sindikatuek azaldu dutenez, enpresako lantegi gehienetan gainprodukzioa dago, eta zuzendaritzak banaketa bat egin nahi du murrizketa lantegien artean banatzeko. Gainera, Gasteizko fabrikaren kasuan, “konfiantza galtzeak” ere eragina izan duela uste dute.

 

Era berean, “langileak beldurtzeko saiakera” bat dela ere adierazi dute sindikatuek. Izan ere, datozen egunetan bozkatu behar dute Gasteizko langileek batzordetik atera ala ez.