
Aurtengo lehen sei hilabeteetako emaitzak aurkeztu ditu Artechek, eta aurreko urteetako goranzko joerari eusten dio datuen arabera. Izan ere, 4,3 milioi euroko mozkin garbia eskuratu du enpresa bizkaitarrak 2023ko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %41 gehiago.
Salmentak ere nabarmen hazi dira urte batetik bestera. Aurten 188 milioi eurokoak izan dira, 2022ko lehen seihilekoan baino %20,1 gehiago. Enpresak azaldu duenez, produktu lerro guztiek lagundu dute salmenten hazkundean, baina sare elektrikoa nabarmendu dute, %78 hazi baita sei hilabeteotan.
EBITDAri dagokionez ere gorakada izan du enpresa bizkaitarrak. 17,4 milioi eurokoa izan da aurten, iaz baino %32,9 gehiago. Era berean, kontratazioa ere igo egin da (%28,7), eta 247,3 milioi eurokoa izan da.
1946an sortua, sektore elektrikoan dihardu Mungiako enpresak, tresneria, osagai eta konponbide elektrikoak garatuz eta egun, 175 herrialde baina gehiagotan daude. 13 fabrika dituzte Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian banatuta eta 2.700 langile dituzte denera.
Enpresak ezarritako estrategia eta sektore elektrikoan egindako inbertsioa jo dituzte hazkunde honen giltzarritzat, eta trantsizio energetikoaren testuinguruan, erronka ugari azaleratzen ari badira ere, taldeak “sendotasuna erakutsi” duela jakinarazi du.