25 urte bete ditu Danobatgroupen euskara planak

Danobatgroupek euskara planen 25. urteurrena ospatu berri du, mende laurdeneko ibilbidea goraipatuz hizkuntza kudeaketan

Argazkia: Argazkia: Danobatgroup
Argazkia: Argazkia: Danobatgroup
IMG 0321
Kazetaria
2025eko abenduaren 20a - 05:30

Danobatgroup industria taldeak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren markoan, kooperatibetan ezarritako lehen euskara planen 25. urteurrena ospatu zuen. Danobatgroupek IMH Campusean eta Makina-Erremintaren Museoan egin zuen jardunaldi berezia, mende laurdeneko ibilbidea goraipatuz hizkuntza-kudeaketan.

 

“Hastapenetatik euskara gure esentziaren parte izan da”, adierazi du Julian Aizpuruak, Danobatgroupeko lehendakariak. Izan ere, euskara, kultura eta euskal nortasuna beti presente izan dituzte Danobatgroupeko industria taldeko kooperatibetan, hala nola, taldeko zerbitzu orokorretan, Danobaten, Soraluceen, Goimeken eta taldeko berrikuntza motorra den Idekon. Sorreratik makina-erremintan nazioarteko lider bihurtu arte, euskararen normalizazioarekin eta sustapenarekin konpromisoa izan dute, bai erakunde barruan, bai kanpoan. Euskararekiko konpromisoa kooperatibatik haratago zabaldu dute gizartera, hainbat ekimen bultzatuz, eta euskalgintzako eragileekin estuki elkarlanean arituz.

Euskara taldearen identitatearen parte

Jada lehenagotik ere pausuak ematen hasi ziren: 1976. urtean, Tailerreko hiztegi teknikoa argitaratu zuten taldeko Danobat kooperatiban, baina 2000. urtean ezarri zituzten lehen euskara planak, Emun aholkularitzaren eskutik.

 

Hizkuntza normalizatzeko helburuarekin, euskara erabiltzeko irizpideak onartu ziren kooperatibetako organoetan, eta, ondoren, euskara planen diseinuak eta inplementazioak bideratu zituzten. Jarraian, euskara koordinatzaileak eta lantaldeak izendatu zituzten, kooperatiba bakoitzeko arlo desberdinak ordezkatuta, euskararekin loturiko helburuak lantzeko. “Ordutik 100 kide baino gehiagok hartu dute parte euskara batzordeetan eta 45 koordinatzailetik gora aritu dira”, esan du Aizpuruak.

Aldi berean, hizkuntzaren gaineko sentsibilizazioa indartzeko eta helburu batzuk lantzeko taldeak osatu ziren, eta euskara planen berriak edota kooperatibako bestelako albisteak euskaraz zabaltzeko berripaperak sortu ziren, ordutik argitaratzen direnak.

Taldeko Euskara Batzordearen sorrera

Kooperatiba bakoitzak bere euskara batzordea izateaz gain 2010 hamarkadan taldeko Euskara Batzorde orokorra osatu zen, talde mailako markoa definituz eta koordinazioa indartzeko asmoz, kooperatibetako koordinatzaileen, taldeko lehendakariaren eta zuzendariaren parte hartzearekin.

Ondoren, makina erremintako euskal corpusa jaso eta gizartearen eskura jarri zen; horrela, tailerreko eskuliburu teknikoa eta makina erremintako hiztegi digitala plazaratu zituzten.

Aizpurua: "100 kide baino gehiagok hartu dute parte euskara batzordeetan eta 45 koordinatzailetik gora aritu dira”

Azken hamarkada honetan ere aurrera pauso handiak ematen jarraitu dute, eta, gaur egun, taldeko kooperatiba guztiek dute Bikain ziurtagiria. Egiaztagiri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa normalizatzen duten enpresa ereduak aitortzen ditu.

Halaber, Danobatgroup ez da barne esparrura mugatzen; aitzindaria izan da makina-erremintaren sektoreko hiztegi terminologikoa bezalako hizkuntza baliabideak sortzen, eta aktiboki parte hartu du euskara sustatzeko ekimenetan, hala nola, Kilometroak, Korrika edo Euskaraldia.

Elebitasunetik euskara hutsean aritzeko jauzia

Gauzak horrela, azken urte hauetan euskara planak kolektibo osora zabaltzeko eta Euskara Batzorde eta kolektiboaren arteko zubi-lana egiteko, eragile sareak osatu dituzte, euskararen parte hartzea handituta.

“Azkenengo hamar urteetan, elebitasunetik euskara hutsean aritzeko jauzi handia egin dugu”, adierazi du Aizpuruak. Euskara hutseko eta elebitasuneko kanalak martxan jarri dituzte, soilik euskaraz egin daitezkeen jarduerak identifikatu eta helburuen lanketarekin jarraituta. Izan ere, euskararen erabileran aurrerapauso nabarmenak lortu dituzte: ahozko erabilera informalaren batez besteko erabilera %57koa da, emailetako erabileraren batez bestekoa %61ekoa, eta taldean barne komunikatuak euskara hutsean jasotzen dituzten pertsonen kopurua ehuneko %83koa.

Aizpurua: “Poliki-poliki joan gara hori guztia lortzen, baina Bikain ziurtagiriak, adibidez, palanka ona izan dira, landu ditugun gauza asko aitortzeko”

Horrekin batera, euskararekiko konpromisoa lantokietatik haratago zabaltzen joan dira, bestelako erakundeekiko elkarlana bultzatuta, besteak beste, Mondragonekin, Jaurlaritzarekin, Kontseiluarekin, Herrigintzarekin edo Unibertsitateekin.

2025-2028 euskara plan estrategikoa

“Poliki-poliki joan gara hori guztia lortzen, baina Bikain ziurtagiriak, adibidez, palanka ona izan dira, landu ditugun gauza asko aitortzeko”, onartu du Aizpuruak. Hala ere, euskara sustatzeko ekintzak bultzatzen jarraitzen dute; esate baterako, lanorduetan euskara ikasteko aukera ematen dute. Urte hauetan zehar, ehunka lagunek parte hartu dute ekimen horietan, euskarara jauzia eginez.

Aizpuruaren arabera, erronkaz betetako bide liluragarria dute aurretik. Euskara planek enpresen lehiakortasunean egindako ekarpenak aztertzen hasi dira Gehi ikerketaren bitartez, eta 2025-2028ko euskara plan estrategikoa martxan dute.

Plan estrategiko horren barruan bost erronka nagusi dituzte. Lehenik eta behin, kolektiboak euskara planeko helburuak barneratzea (barne eta kanpo komunikazioari dagokionez). Bigarrenik, euskararen kudeaketa erakundearen sisteman integratzea. Hirugarrenik, euskaren ulermena unibertsalizatzea. Laugarrenik, euskara ulertzen duten guneetan euskaraz egitea. Eta, azkenik, talentua erakartzeko estrategian euskara integratzea.