
Jaurlaritzaren Hazitek programaren aurrekontua 93 milioi eurotik 120 milioi eurora handituko dute, eta 27 milioi euro gehigarri horiekin, programara aurkeztutako proiektuen %77 babestu ahal izango dira, 984 proiektuetatik 762, hain zuzen.
Haziteken helburua da ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzea, bai izaera lehiakorrekoak, bai izaera estrategikokoak, industria adimendunaren, energia garbien eta osasun pertsonalizatuaren arloetan.
Automobilgintza, makina-erreminta, energia, aeronautika eta siderurgia sektoreetara bideratu dira laguntza gehienak. Hala, energia-sektorera bideratutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuek 21 milioi euroko dirulaguntza dute, makina-erremintakoek edo fabrikazio aurreratukoek 18 milioi eurokoa, automobilgintzakoek 11,5 milioi eurokoa, aeronautikakoek 6 milioi eurokoa eta siderurgiakoek 3,3 milioi eurokoa.
Proiektu estrategikoei dagokienez, aurrekontua % 22 igo da, eta, horri esker, jasotako 48 proposamenetatik 35i eman zaie babesa; guztira, 193 enpresak hartu dute parte.
27 milioi euro horietatik, 11,45 aurten bertan egikarituko direla jakinarazi dute, gainerakoa, aldiz, hurrengo hiru urtetan gauzatuko da.
2024ko deialdian, Hazitekek 654 proiektu finantzatu zituen, eta guztira 91,2 milioi euroko dirulaguntza eman zuen. Horrek 265 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 759 enpresatan.