CAF taldeko Solaris konpainiak sendo jarraitzen du hidrogenozko autobusean merkatuan. Azaldu dutenez, iaz %44,5eko merkatu kuota izan zuen Europako merkatuan, eta orain 30 milioi euro baino gehiagoko hiru kontratu berri izenpetu ditu hidrogenozko autobusak ekoizteko Alemanian, Txekian eta Frantzian.
Alemanian, REVG Kerpen enpresak Solaris Urbino 12 motako 26 autobus egiteko enkargua egin dio. Konpainiak adierazi duenez, dagoeneko bere hidrogenozko autobusak martxan dira Kolonian, Frankfurten edo Munichen, eta hurrengo hilabeteetan gehituko dira autobus berriak Hanburgon eta Duisburgen, besteak beste.
Bestalde, Txekian, Martin Uher Bus enpresarekin ondu du akordioa, eta Urbino 12 motako hamar autobus egingo ditu. Praga inguruan erabiliko dira autobus hauek, eta 2025 amaierarako martxan izatea aurreikusten dute.
Azkenik, Frantzian, Belfort hirirako zortzi autobus egingo ditu Solarisek, eta SMTC (Le Syndicat Mixte des Transports en Commun du Territoire de Belfort) erakundeak kudeatuko ditu autobusak. Enpresak azken hilabeteetan Frantzian egin duen hirugarren enkargua da hau, Artois Mobilités eta Île-de-France Mobilités entitateekin jada akordioak itxita baitzituen.