%30 murriztu ziren Dominionen irabaziak iaz

Egoitza nagusia Bilbon duen multinazionalak jarduera sinplifikatzea du helburu, marjina handiagoko negozioetan kontzentratuz

Dominionen bulegoak | Argazkia: Europa Press
Dominionen bulegoak | Argazkia: Europa Press
2025eko otsailaren 26a
Eg. 2025eko otsailaren 26a

Dominion multinazional teknologikoak 31,2 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024an. Nabarmen murriztu zaio urteko emaitza, izan ere, 2023an 44,3 milioi euro irabazi zituen (%30 gehiago). CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eman du gaur datuaren berri, eta Dominionek argitu du zorra areagotzeak eta interes tasa altuek eragin dutela mozkin garbiaren murrizketan.

 

Konpainiaren EBITDA 150,7 milioi eurokoa izan da, 2023an baino %4 gehiago. Guztiko negozio zifra, aldiz, 1.153 milioi eurokoa izan da (%3 gutxiago).

Dominionek Europan eta Afrikan saldu du gehien, salmenta guztien %59 bi zonalde horietan egin baitute. Amerikako kontinentera salmenta guztien %33 egin dira, eta gainerako %8 Asia eta Ozeaniara. Konpainiako barne negozioei dagokienez, jasangarritasun zerbitzuen dibisioak izan du hazkunde handiena (%7).

 

Enpresaren plan estrategikoan ezarritakoaren ildotik, Domionen helburua jarduera sinplifikatzea da, marjina handiagoko negozioetan kontzentratuz, eta marjina txikiagoak dituzten edo jasangarritasun-estrategiarekin bat ez datozen jarduera guztietan desinbertitzea.

Taldeak ere jakinarazi du 2024an 14,7 milioi euro bideratu zituela dibidenduetara.