• ENPRESAK GAUR
  • 300 greba egun bete dituzte Elizondoko Benito Menni osasun zentroko langileek

300 greba egun bete dituzte Elizondoko Benito Menni osasun zentroko langileek

ELAk salatu duenez, hiru aldiz bildu da Nafarroako Gobernuarekin, egoeraren berri emateko eta gatazka duen “erantzukizunaz zuzenean interpelatzeko”

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko irailaren 17a - 15:49

300 greba egun bete dituzte Elizondoko Benito Menni osasun zentroko beharginek. 2024ko abenduan hasi zituzten lanuzteak, beren lan baldintzak hobetzeko asmoz, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu enpresarekin.

 

Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantzatutako zerbitzu publiko itundua da osasun mentaleko zentroa. ELAk salatu duenez, hiru aldiz bildu da foru gobernuarekin, egoeraren berri emateko eta gatazka duen “erantzukizunaz zuzenean interpelatzeko”, baina adierazi du gobernua ez dela erantzukizuna bere gain hartzen ari.

“Egoera zuzenean ezagutzen duen arren, ez du gatazka konpontzeko neurri eraginkorrik bultzatu. 2026ko otsailean, Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari eskatu zion osasun mentalaren sektorearen ezaugarri bereziak kontuan har zitzala eta bai zerbitzuaren kalitatea bai lan baldintzak hobetzeko beharrezko baliabideak jar zitzala. Hala ere, administrazioarekin egindako azken bileraren ostean, langileek oraindik ez dute erantzun zehatzik jaso. Gobernuak ezin du beste alde batera begira geratu baliabide publikoekin finantzatzen duen osasun mentaleko funtsezko zerbitzua emateko baldintzen aurrean”, azaldu du sindikatuak ohar bidez.

 

Langileek gutxienez 22.400 euroko urteko soldata gordina bermatuko liekeen lan hitzarmena eskatzen dute, baita lanaldia murriztea eta lan baldintza “egokiak” jasotzea ere, lan kargek eta langile ratioek arreta “duina” eskaintzeko aukera eman dezaten.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain