• ENPRESAK GAUR
  • 34 milioi euro fakturatu zituen iaz Ikerlanek, diru sarreren %80 euskal enpresetatik eskuratuta

34 milioi euro fakturatu zituen iaz Ikerlanek, diru sarreren %80 euskal enpresetatik eskuratuta

Zentro teknologikoak star-upak bultzatu ditu eta Bizkaian duen presentzia indartu du

Argazkia: Ikerlan
Argazkia: Ikerlan
2026ko maiatzaren 21a - 17:45

“2025 urte positiboa izan da Ikerlanentzat”. Horixe baieztatu du Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak gaur, Arrasaten egin duten ohiko Batzar Nagusian. Zentro teknologikoak pasa den urtean egindakoez eta emandako aurrerapausoez hausnartu du, eta zuzendariak baieztatu duenez, “kooperatiba gero eta sendoagoa, garrantzitsuagoa eta eragin positibo handiagoa duena da”. 

 

Zifrei erreparatuta, fakturazioan %3ko hazkundea izan zuen iaz Ikerlanek, guztira 34 milioi euroko fakturazioa izan baitzuen. 19 milioi euro enpresekin garatutako I+G proiektuetatik lortu zituen, eta gainerako 13 milioiak, aldiz, programa publikoetako ikerketa-jardueratik. Era berean, zentroak azpimarratu du diru sarreren %80 euskal enpresetatik iritsi dela. Inbertsioari dagokionez, Arrasateko kooperatibak 1,8 milioi euro bideratu zituen, batik bat, azpiegitura teknologikoak hobetzera. 

Plantilla ere egonkor mantendu du Ikerlanek, 15 bazkide berrirekin eta 400 profesionalez osatutako taldearekin. 57 doktore-tesi garatzen aritu ziren zentroan.

 

Mugarriak: 'start-up'-ei bultzada eta presentzia Bizkaian 

Zenbakiez harago, urteko balantzean azpimarratu beharreko beste zenbait mugarri ere izan dituzte hizpide batzarrean. Horietako bat Orbik Cybersecurity kooperatiba bihurtu izana; bestalde, Mondragonekin sinatutako akordioa ere azpimarratu du zentroak, zeinaren bidez datozen lau urteetan 10 milioi euro baino gehiago mobilizatzea aurreikusten duten EAEn enpresa ekimen berriak sortzeko. Hain zuzen ere, akordio horren baitan bi enpresa-proiektu berri jarri dira jada martxan: Inkkia, adimen artifizialean espezializatuta, eta Amets, sare elektrikoetarako soluzio aurreratuak garatzera bideratuta. “Start-upen ekosistema bultzatzea izan da ekitaldiko mugarri nagusietako bat”, berretsi du zentro teknologikoak. 

Aldi berean, Batzar Nagusian azpimarratu dute nola jarraitu duen zentroak Bizkaian duen presentzia indartzen. Ildo horretatik, “bi urrats bereziki garrantzitsu” ekarri dituzte gogora: “Batetik, Bilboko instalazioak handitu dira, gaitasun operatiboa sendotuta; bestetik, Bilbao Bizkaia Digital Hub proiektua aurkeztu da, 20 milioi eurotik gorako inbertsioa izango duen egitasmoa”. 

Adolfo Plaza zentro teknologikoko presidentea ere baikor agertu da azken ekitaldiarekiko: “2025ean lortutako aurrerapenek, bereziki start-upen sustapenean eta etorkizuneko estrategiaren definizioan egindakoek, datozen urteetan inpaktu ekonomiko eta soziala sortzen jarraitzeko oinarriak ezartzen dituzte”, baieztatu du.