4.100 lanpostu ezabatu nahi ditu Siemens Gamesak

Bulegoetako lanpostuak dira gehienak, eta horietako asko Euskal Herrian daude. Iaz ia 5.000 milioi euroko galerak izan zituen enpresak

Argazkia: Siemens Gamesa
Argazkia: Siemens Gamesa
2024eko maiatzaren 28a
Eg. 2024eko maiatzaren 28a

Siemens Gamesak 4.100 lanpostu ezabatu nahi dituela jakinarazi du. Kaleratze gehienak bulegoetako langileen artean egingo ditu, eta horregatik litekeena da eragin handia izatea Euskal Herrian. Nafarroako CCOO-k prentsa-ohar batean adierazi duenez, Siemens Gamesak astearte honetan eman du bulegoetako langileei zuzendutako enplegu-doikuntza honen berri.

 

Horrela, mundu osoan aurreikusitako 4.100 lanposturainoko murrizketen barruan, Espainian 430 lanpostu ezabatzeko asmoa du, Alemanian 370 eta 570 Danimarkan.

Enpresak argitu du lanpostu bat galtzen duten langileak hazteko gaitasuna duten ataletan kokatzen saiatuko dela, itsasoko haize erroten (offshore) atalean eta Siemens Energy taldeko beste enpresa batzuetan.

 

Clara Fernandez Siemens Gamesako CCOO sindikatuko arduradunak adierazi duenez, "kaleratzeak ez dira irtenbidea, negoziatzera eseri behar dugu eta konpainiak bideragarritasun plan bat aurkeztu behar du".

"Enpresak jasan dituen galera ekonomikoak zuzendaritzaren kudeaketa negargarriaren ondorio dira, zuzendaritzan egindako etengabeko aldaketekin, Siemens Gamesa bezalako enpresa garrantzitsu bat kudeatzeko ezintasuna irudikatu baitute", gehitu du.

Gogoratu beharra dago iaz 4.588 milioi euro galdu zituela Gamesak, eta Siemens Energy jabearen erreskatea jaso behar izan zuela, Alemaniako Estatuaren laguntzarekin.