Sektore berezi eta estrategikoetan liderrak izanda ere, oso ezagunak ez diren enpresak dira “txapeldun ezkutuak”. Bada, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta BBKk horiei buruzko azterketa plazaratu dute gaur. Zehazki, halako baldintzak betetzen dituzten 53 konpainia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tartean Arteche, Danobat edota Vicinay.
Bi erakundeek eta ezkutu enpresek foro bat eratu dute gaur Bilbon, eta bertan Alejandro Vázquez Zubeldia BBK Banku Fundazioko inbertsio zuzendaria adierazi du foroa bera “urtebete pasatxoan erreferentziazko espazioa” bihurtu dela “espezializazio handiko eta nazioarteko bokazio sendoko industria enpresentzat”.
Mikel Gaztañaga Orkestrako ikertzaile eta txostenaren egileetako batek azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren faktore bereizgarriek horrelako enpresak agertzea eta garatzea errazten dute. Faktore horien artean aipatzekoak dira industria tradizioa, lankidetza publiko-pribatua, lanbide heziketa eta zentro teknologikoen sarea.
Hermann Simon ekonomialari eta Hidden Champions (txapeldun ezkutuak) kontzeptuaren sortzailea ere izan da Bilboko foroan. Simonek nabarmendu du munduak industria izaera sendoa duten lurraldeetatik maila globalean lehiatzeko gai diren enpresak behar dituela, eta Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako baldintzak betetzen dituela uste du.
“Gakoa espezializatzeko gaitasunetan sakontzea izango da, lehiakideek baino azkarrago berritzea, bezeroengana are gehiago hurbiltzea, eta pertsonengan eta ekosistemetan inbertitzen jarraitzea, horiek ahalbidetzen baitute epe luzeko arrakasta”, nabarmendu du.