57 milioi euroko isun berri bat jarri diote Glovori, kontratazioetan egindako arau hausteengatik

Isun gehiago ere bazituen lehendik Glovok. Azken honekin, 205,3 milioi euroko isunak ditu pilatuta

Glovoko banatzaile bat | Argazkia: iStock Glovoko banatzaile bat | Argazkia: iStock

Egoera zailtzen ari zaio Glovori, Espainiako Lan Ikuskaritzak isun berri bat jarri baitio. 57 milioi eurotik gorako isuna jarri dio oraingoan, autonomo faltsuak eta lan baimenik ez duten atzerritarrak kontratatzeagatik.

Batetik, Gizarte Segurantzan alta eman gabeko 7.022 langile hauteman dituzte (32,9 milioi euroko isuna). Horri likidazio akta gehitu behar zaio, langile horiek ez dutelako kotizatu Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean (19 milioi euroko isuna).

Bestetik, lan baimenik gabeko 813 pertsona atzerritar kontratatzeagatik beste 5,2 milioi euroko isuna jarri diote.

Orotara, beraz, 57,1 milioi euroko isun berria ezarri diote Glovori. Ez da Espainian jarri dioten bakarra, lehendik ere 205,3 milioi euroko zigorrak baititu pilatuta arau hauste aktak eta likidazio aktak batuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK