Arabako Foru Aldundiak 60 urtetik gorako autonomoak salbuetsiko ditu TicketBAI ezartzetik, eta epea abenduaren 1era arte luzatuko die urrian lanean hasi behar zuten zergadunei.
Gaur goizean egindako agerraldian erabakiaren berri eman du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako diputatuak. Neurria Arabako enpresariekin, Gasteiz On eta Aenkomerrekin bildu eta gero hartu dute. Gonzalok esan duenez “jarduteko modu honi esker, eragindako kolektiboek adierazitako kezkei erantzuteko aukera luzatu diegu”. Izan ere, "hasiera-hasieratik, beti izan dugu argi hartu beharreko edozein neurrik babesa behar zuela".
Salbuespen horrek 3.000 zergadun ingururi eragingo die, eta, Itziar Gonzaloren iritziz, “erretiratzeko adinetik hurbil dauden eta, ondorioz, jardueraren amaieratik hurbil dauden pertsona fisikoek inbertitzeko esfortsurik egin behar ez izateko ezarri da salbuespena".
Bestalde, abenduaren 1era arte luzatu du Foru Ogasunak derrigorrez ezartzeko epea. Helburua "ahalik eta zergadun gehienek % 60ko kenkaria baliatu ahal izatea da".
Gaurko agerraldian foru diputatuak, SEA, Gasteiz On eta Aenkomerrekin batera, TicketBAI zabaltzeko planaren emaitza ezagutzera eman du. SEAko zuzendariondoko Aitor Otaolak azaldu duenez zabalkunde planean “SEA, Arabako enpresarien elkartea, 1.000 enpresekin jarri da harremanetan azken asteetan; haietatik % 15 erabiltzen ari da jada modu eraginkorrean edo proba gisa, eta ehuneko hori % 25era igotzen da zerbitzuen sektorean". Bestalde, enpresa guztien % 54 tresna hori aplikatzeko beharrezkoa den softwarea instalatzeko prozesuan dago. Ezagutzari dagokionez, Otaolak nabarmendu du “oso zabalduta dagoela eta kontaktatutako enpresen % 96k ezagutzen dutela".
Itziar Gonzalo foru diputatuak emandako datuen arabera, gaur egun ogasunera bidalitako Ticket Bai fakturen guztizko zenbatekoa 186 milioi eurokoa da.