MLAKOOP Mondragon Lingua Alecoop kooperatibak bere 60. urteurrena ospatu du Arrasateko egoitza nagusian egindako ekitaldi batean. Mondragon Korporazioko enpresak irtenbide integralak eskaintzen ditu hizkuntzaren, prestakuntzarako teknologien eta talentuari lotutako estrategien esparruan eta MondragonLingua, Alecop eta MLAKOOP marka komertzialen bidez jarduten du. Egun 300 laguneko lantaldea du.
150 pertsona inguru bildu ditu gaurko topaketak, eta bertan izan dira eta Mondragon taldeko ordezkari, bazkide eta bazkide ohi, langile, bezero, kolaboratzaile nahiz hornitzaile ugari.
Arrasateko kooperatibaren ibilbideari errepasoa egin eta etorkizunera begiratzeko urratsak aletu dituzte. Era berean, MLAKOOPen bideo korporatibo berriaren aurkezpena egin da, Marijo Pagalday Mondragoneko presidenteorde eta Mondragon Ingeniaritza eta Zerbitzuak dibisioko zuzendari nagusiaren eskutik.
Horrekin batera, Ainara Etxenausia MLAKOOPeko presidenteak eta Idoia Mujika zuzendari nagusiak solasaldia izan dute aro berriaren erronkez eta kooperatibak enpresei, erakundeei eta kolektiboei laguntzen jarraitzeko izan nahi duen eginkizunaz.
Hizkuntza Prestakuntza, Talentua, Prestakuntzarako soluzio teknologikoak, Itzulpengintza eta Komunikazioa, Industria Muntaketak eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea ditu etorkizuneko ardatz kooperatibak. Azaldu dutenez, kooperatibak “erakundeentzat funtsezkoak diren erronkei erantzuten jarraitu nahi du: pertsonen garapena, talentua erakartzea eta fidelizatzea, etengabeko prestakuntza, nazioartekotzea, komunikazio eleaniztuna, prestakuntzaren eraldaketa teknologikoa eta hezkuntzaren, enpresaren eta industriaren arteko lotura”.
Amaiera instituzionala Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidenteak egin du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta