
Hegaluze kanpaina bete-betean murgilduta daude euskal itsasontziak, eta hori aprobetxatuta arrantza kanpainari buruzko datuak partekatu ditu gaur Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura sailburuordeak.
Arrantzatu diren 7.100 tonetatik 6.000 deskargatu dira euskal portuetan, eta kiloa batez beste 3,9 euroan saldu da. Getarian deskargatu da gehien, 2 tona denera, eta kiloa 3,96 euroan kokatu da portu gipuzkoarrean. Ondarroan 1,8 tona deskargatu dira, baina batez besteko prezioa 3,10 eurokoa izan da, denetan merkeena. Hondarribian deskargatu dira 1,5 tona, eta 3,81 euroko prezioan saldu da kiloa. Bermeon 550.000 kiloko deskarga izan da, kiloa 3,75ean kokatu delarik, eta 115.000 kilo jaso dira Pasaian, 3,4 euroan saldurikoak.
Antxoaren kanpainari loturiko informazioa ere eman du Azkuek: EAEko flotari 8.000 tona antxoa esleitu zitzaizkion, horietatik 7.200 tona urteko lehen seihilekorako eta 800 tona bigarren seihilekorako. Bada, ekainaren 10erako euskal flotak lehen seihilekoari zegokion zatia arrantzatu zuen. Berdelari erreparatuz gero, euskal flotari esleitutako 7.500 tonetatik 5.800 tona harrapatu dira harrezkero. Hala ere, alde nabaria dago arrastre- eta inguraketa-ontziek eta tretzaontzi eta sare txiki deiturikoekin arrantzan aritzen diren ontzi txikien artean. Izan ere, lehenek kuota osoa kontsumitu badute ere, bigarrenak ez dira %35era iritsi. "Laguntza batzuk jarri ditugu martxan (800,00 euro tripulatzaile bakoitzarentzat) berdelaren arrantza-aldi txarra konpentsatzeko. Laguntza horiek irailean zehar jasoko dituzte", argitu du Azkuek.
Urtarokotasunik ez duen alturako arrantzari dagokionez, —batez ere Ondarroan kokatuta—, "emaitza ona izan dute urteko lehen seihilekoan. Ez da alde handirik ikusten aurreko urteetako harrapaketekin alderatuta”, azpimarratu du Azkuek.