Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileran eta kudeaketan egindako lana aitortu zien atzo 75 erakunde publiko eta pribaturi. Gasteizko Europan Jauregian egindako ekitaldian, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailburuordetzak Harrobi eta Bikain ziurtagiriak entregatu zituen.
Zehazki, 29 Harrobi ziurtagiri banatu zituzten (iaz zazpi izan ziren), eta besteak beste, enpresa hauek jaso zuten aitortza: Talleres Asca, Mitxelena Kooperatiba Elkartea, Dorlazka, Club Arabatxo, Iditek, Mutualia, Oronoz Consulting eta Agaleusek.
Bederatzi (iaz 5) Oinarrizko Bikain ziurtagiri eta hamaika (iaz zazpi) Erdi mailako Bikain ziurtagiri ere banatu zituzten.
Azkenik, Goi mailako Bikain ziurtagiriei dagokienez, 26 banatu dituzte aurten, iaz 25 izan ziren. Batz kooperatiba, Fagor taldea, Muxika, Getaria, Zegama edo Zaldibiako Udala, Ikerlan edota Arteman komunikazio agentziak jaso zuten ziurtagiri hori.
Jardunaldian izan ziren Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Nerea Melgosa Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, besteak beste.
Aurtengo ekitaldia hirugarrena izan da 2023ko ekainean erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu zenetik.
Aldasorok erakunde publiko zein pribatuen konpromisoa eta lana azpimarratu ditu euskararen normalizazioan: “Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan-eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri hauen bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu”.