
Israelekin dituen harreman komertzialak dela eta, harrabotsa sortu da azkenaldian CAFen inguruan. Aitzitik, nazioartean kontratu berriak lortzen jarraitzen du Andres Arizkorreta buru duen konpainiak, enpresa taldeko Solaris konpainiak 109 autobus elektriko egiteko enkargua itxi baitu Polonian, 80 milioi euroren truke.
Alde batetik, Solarisek eta MZA Varsovia operadore poloniarrak 79 autobus elektriko hornitzeko kontratua sinatu dute herrialdeko hiriburuan erabiltzeko. 50 autobus Urbino 18 markakoak izango dira eta beste 29 Urbino 12 markakoak. Kontratuak beste 79 autobus gehigarri ekoizteko aukera ematen du. Halaber, Gdansk hirirako izango dira beste 30 autobus, eta 2026ko irailerako amaitu beharko du enkargua Solarisek.
Solaris Poloniako hiri autobusen merkatuko liderra izan da azken urte hogei urteetan, eta %50eko merkatu kuota mantendu duelarik. Aldi horretan, 8.000 unitatetik gorako eskaerak entregatu dizkie operadore poloniarrei, horien artean zero isuriko 1.200 ibilgailu inguru (elektrikoak edota hidrogenozkoak). Gaur egun, Solarisek Polonian duen eskaera-zorroa 500 milioi eurotik gorakoa da, eta 900 bat ibilgailu ditu bertako merkatuan.