BasqTrain 35. Izen hori izango du Europa barneko abiadura handiko trenen belaunaldi berria garatzea bilatzen duen proiektuak. Talgoren gidaritzapean, trakzio modular eta jasangarria izango du tren berriak eta kontinente zaharreko edozein herrialdetan zirkulatu ahalko du, trenbide zatiketari erantzuna emanda.
Proiektua gaur goizean aurkeztu dute Zamudioko Parke Teknologikoan, eta bertan izan dira, besteak beste, José Antonio Jainaga Talgoko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua. Aipatzekoa da proiektua Euskadi 2030 - Industria Planean kokatzen diren Proiektu Eraldatzaileetako bat dela, lidergo pribatua duen zortzigarrena.
Talgok ez ezik, beste 12 euskal enpresek hartuko dute parte, tartean 10 ETEk. MAFEX klusterraren laguntza ere izango du, eta CEITen gisako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoak ere inplikatuko dira bertan. Aurreikuspenen arabera, hiru urtetan 105 milioi euroko inbertsioa suposatuko du, zeinetatik 78 milioi I+Gra bideratuko diren. Halaber, kualifikazio altuko 140 enplegutik gora sortzea ere aurreikusi da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta