RPK, i+Med, Udapa, Loramendi, Aurrenak eta Goros kooperatiba industrialak elkartu egin dira helburu bateratu batekin: "eredu kooperatiboa lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa indartzeko gaitasunak gehitzea". Hala, Batera izeneko elkartea sortu dute, atzo Gasteizko Europa Jauregian aurkeztu zutena kooperatiba esparruko eta erakundeetako 200 lagunen parte hartzearekin.
Batera topagune izango da, baita elkarrekintzarako espazio ere. Izan ere, Koldo López de Robles elkarteko presidenteordeak esan zuenez, etorkizun "jasangarriagoa, justuagoa eta aberasgarriagoa" eraiki nahi dute "pertsonak, ideiak eta enpresak ikuspegi partekatu batekin lotuta".
Une honetan sei kooperatiba badira ere proiektuan —1.500 langileri lan eman eta 60 milioi euroko inbertsioa egin dutenak 2025ean—, ez da elkarte itxi bat. Alegia, bat egin ahalko dute beste kooperatiba batzuek ere, prest izan beharko direnak lan egiteko interkooperazioko proiektuak biziraun dezan eta lurraldearen eredu kooperatiboa indartzeko.