Gipuzkoako langileen lanordu guztiak kontuan izanik, %6,9ko lan-absentismoa dagoela zehaztu du Adegik. Gipuzkoako Absentismoari buruzko 2025eko Inkestaren emaitzak argitaratu ditu gaur enpresen elkarteak, non zehaztu den langile bakoitzeko absentismo tasa urteko 120 ordukoa izan dela, gutxi gorabehera, baja hartu dutenak eta hartu ez dutenak guztiak kontuan hartuta.
Era berean, txostenak zehazten du hamar langiletatik ia lauk (%38) kale egin zuela lanean iaz, gutxienez, egun batez, osasun arrazoiak direla eta. Era berean, Adegik azpimarratu du baja hartu zuten enplegatu horien artean, batez beste, 38,5 eguneko “galera” izan zela.
Hala ere, emaitzak aldatu egiten dira azterketa sektoreka egiten denean. Izan ere, lan egin gabeko orduen ehunekoa altuagoa da merkataritza, garraioa eta biltegiratzearen sektorean (%10,4) eta ez-metalikoak diren industrietan (%9,9); kontrara, jarduera profesionalak eta aholkularitza sektoreko langileek lanorduen %1,4 besterik ez ziren bete. Enpresen tamainaren arabera ere absentismo maila oso bestelakoa izan zen: konpainia handienetako enplegatuek (500 langile baino gehiago) kale egiten dute gehien, %12,7ko tasarekin, eta mikroenpresetan (10 langile baino gutxiago), ordea, zenbatekoa %2,6koa da.