Azken urteotan, absentismoarekin lotutako adierazleek goranzko joera erakutsi dute. Ez dira soilik absentzia-tasak handitu; absentzien batez besteko iraupenak eta errepikapenek ere gora egin du.
Fenomeno horren atzean askotariko arrazoiak daude: osasun-sistemaren funtzionamendua, gizartearen bilakaera eta piramide aldaketa, pertsonen egoera pertsonal eta familiarra, zein lanpostu zehatzekin zerikusia duten gaiak.
Egoera hori, noski, pertsonen osasunaren adierazle izateaz gain, enpresen osasunaren eta lehiakortasunaren adierazle bihurtzen da. Eragin zuzena du enpresen antolatzeko gaitasunean, talde-lanean, produktibitatean eta, kasu askotan, zerbitzuaren jarraitutasunean. Horregatik, absentismoa ulertzeko ezinbestekoa da ikuspegi integrala izatea eta errealitatearen konplexutasuna onartzea.
Ez da gauza bera absentzia bat epe luzekoa —urte osokoa adibidez— osasun gai larri batengatik, edo, ostera, pertsona ezberdinen epe laburreko absentzia txikien gehiketa, nahiz eta denera ordu kopuru bera izan
Absentismoa ez da kausa bakar batek eragindako fenomenoa, ezta erantzun sinpleekin konpon daitekeen errealitatea ere. Elkarri eragiten dioten hainbat faktorek sortzen dute. Aitzitik, Cebeken uste dugu enpresek badutela zeresana absentismoaren kudeaketan, eta tresnak behar dituztela beraiengan egon daitekeenari ekiteko. Are gehiago, Lanean On proiektuaren bitartez landu dugu hori, eta proiektuaren bilakaerak ahalbidetu digu behar nagusiak identifikatu eta norabide horretan lan egitea, diagnostiko eta tailerren bitartez.
Beharrezkoa da, lehenengo eta behin, enpresa bakoitzeko adierazleak ulertzea. Soilik galdutako ordu kopuru osoa analizatzen bada, intzidentzia begiratu gabe edota adin tartea, txanda, lanpostu mota, edota iraupena begiratu gabe, oso zaila da ulertzea antolaketan zer eragin duen. Ez da gauza bera absentzia bat epe luzekoa —urte osokoa adibidez— osasun gai larri batengatik, edo, ostera, pertsona ezberdinen epe laburreko absentzia txikien gehiketa, nahiz eta denera ordu kopuru bera izan. Pertsonen bizi-zikloa hobeto ulertzea eta absentzien tipologia desberdinak bereiztea garrantzitsua da, baita beharrak ulertzea eta behar horien aurrean enpresak zer edo zer egin balezake, behintzat, mahaigaineratzea (txanda aldatzetik, lanordu poltsa negatiboak ahalbidetzera, adibidez).
Neurtzen ez dena nekez kudea daiteke, eta ulertzen ez dena nekez hobetu
Badira aurreikusi daitezkeen egoerak, hala nola baimenak, kontziliazioarekin lotutako egoerak edo programatutako osasun-arretak, eta badira aurreikusi ezin diren beste ezusteko batzuk. Antolakuntzaren ikuspegitik, funtsezkoa da jakitea zeintzuk planifika daitekeen, zeintzuk ez, eta kasu bakoitzean enpresak zer laguntza edo erantzun eman dezakeen.
Neurtzen ez dena nekez kudea daiteke, eta ulertzen ez dena nekez hobetu.