• ENPRESAK GAUR
  • Abuztu bateko enpresa sorrera datu onena erregistratu da EAEn

Abuztu bateko enpresa sorrera datu onena erregistratu da EAEn

Nafarroan 46 gehiago dira, aurreko urteko hilabete berean baino %13,2 gutxiago

Enpresen sorrerak gora egin du | Argazkia: iStock
Enpresen sorrerak gora egin du | Argazkia: iStock
2026ko urriaren 13a - 11:21
Eg. 2026ko urriaren 13a - 14:19

Enpresen sorrerak gora egin du 2025eko abuztutik 2026kora Hego Euskal Herri osoan, INEk gaur partektatutako datuek erakusten dutenez. Hala ere, hazkundeari xehe erreparatzen badiogu, aldeak ikusiko ditugu.

 

Serie historikoari erreparatuta, EAEn enpresen sorrera datu onena lortu da abuztu baten: 212 merkataritza sozietate gehiago zenbatu dira, iazko hilabete berean baino %5,5 gehiago, eta 47 enpresa deuseztu, %14,7 gutxiago. Sortu zirenetatik, 90 Bizkaian kokatu dira, 84 Gipuzkoan eta 38 Araban, eta denak, bat izan ezik, sozietate mugatuak dira. Aipatzekoa da denen artean 8,12 milioi euro harpidetu dituztela, iazkoekin alderatuta %12,82 gutxiago dena. Itxi zirenen artean, 48k borondatez egin dute, 6k beste sozietate batzuekin fusionatu direlako, eta gainontzeko 4ak beste arrazoi batzuk tarteko. 

Nafarroan egoera zertxobait desberdina da. 46 enpresa gehiago izanik ere, 2025eko abuztuan eratu zirenak baino 7 —%13,2— gutxiago dira, baina denen artean harpidetutako kapitalak %17,9 egin du gora 380.000 eurotik 448.000ra igaro baita. Batez besteko kapitalak ere hazkundea izan du, %35,8koa, 9.700 euroraino, eta den-denak sozietate mugatuak dira. Gainera, deuseztutako enpresa kopurua 2tik 4ra igaro da, horietatik erdia borondatez, bat fusioagatik eta azkena beste arrazoi batzuengatik.  

 

Kapital zabalkundea

Bestalde, kapital zabalkundearen alde egin duen enpresa kopurua hazi egin da EAEn zein Nafarroan. Lehenengoan 85 izan dira —%23,2 gehiago— eta guztizkoa 108,6 milioi eurora iritsi da, %265ko hazkundea izanik. Nafarroan 20 sozietatek egin dute operazio horren aldeko hautua, 8k gehiagok, beraz, eta denetara 39.748 milioi eurora iritsi da, 2025eko abuztuan 6.671 milioi eurokoa izan zen bitartean. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain