• ENPRESAK GAUR
  • Adegi kezkatuta "azken hamarkadetako egoera zalantzazkoena eta konplexuenagatik"

Adegi kezkatuta "azken hamarkadetako egoera zalantzazkoena eta konplexuenagatik"

Egungo egoera ekonomikoaren balorazioa positiboa bada ere, datozen hilabeteetarako hazkunde-aurreikuspenak ezkorragoak dira. Enpresek oraindik "eusten" jarraitzen dute baina "epe labur-ertainean" egungo arazoek enpleguan eragingo dutela nabaritu du Gipuzkoako enpresen elkarteak

2022ko maiatzaren 24a - 18:40
Eg. 2022ko maiatzaren 25a - 00:00

Adegik Gipuzkoako enpresen artean egindako inkestaren emaitzak aurkeztu ditu astearte honetan. Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari orokorrak, Eduardo Junkera presidenteak eta Patxi Sasigain lehiakortasunerako arduradunak egindako prentsaurrekoan inkestaren emaitzak xehe aztertu dituzte. Azken inkesta Ukrainako gerra hasi aurretik egin zuten eta egoera okertu dela nabarmendu du enpresarien elkarteak. Hala ere, lurraldeko enpresak egoera gainditzeko gai izango direla adierazi du Adegik lehenago egin izan duten bezala.

 

Gipuzkoako enpresen % 87k merkatuaren egungo egoerarekiko normaltasuna eta suspertzea aipatzen ditu. Epe laburreko aurreikuspenei dagokienez, erantzunak aldatu egiten dira. Hurrengo hilabeteei begira, ez dute aldaketa handirik aurreikusten, baina iritziak ezkorragoak dira. Aurreko hiruhilekoaren aldean fakturazioa eta eskaerak % 1,8 eta % 1,6 gehitu dira, hurrenez hurren. Izan ere eskaera-maila altua duten enpresak % 37 dira, iazko datuekin alderatuta, 8 puntu gehiago. 2018ko irailetik erregistrorik altuena da. Enpresen % 35,5ek diote eskaera-maila normala dutela eta % 27,5en zorroa ahula dela. Datozen hilabeteei begira, ordea, Gipuzkoako enpresek ez dute hazkunde-aldaketa positiborik aurreikusten. Suspertzea ikusten duten enpresen kopurua % 42ra jaitsi da, eta atzeraldia espero dutenak, berriz, % 13,5era igo dira. Gainerakoek normaltasuna espero dute.

Enpresen kezka nagusiak

Lehengaien hornikuntza eta prezioa, soldata-igoerak eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera dira enpresen eragin nagusiak. Adegik egindako inkestaren arabera, enpresen % 81k lehengaien garestitzea kezka nagusitzat du, inoizko portzentaiarik handiena. Kezka are altuagoa da erainkuntza enpresetan (%100) eta industria-enpresetan (%91). Zerbitzuen sektorean kezka apalagoa da (%49). 

 

Soldata-igoera enpresen kezka iturri ere bada enpresen % 45erako. Salmenten errentagarritasunaren jaitsierak enpresen % 36 kezkatzen du eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak % 29,5. Langile kualifikatuak lortzeko zailtasunari dagokionez, Adegik adierazi du bere helburua "talentua enpresei hurbiltzea dela". 

Langileei deia

Adegik nabarmendu nahi izan du egungo egoerak enpresen marjinak okertu egin dituela eta horrek enpleguari eragin ahal diola arazoak luzatzen badira. Zentzu horretan langileei esfortsu bat eskatu nahi izan die. "Elkarren eskutik joan beharko dugu enpresek, bertan lan egiten duten pertsonek, administrazioek eta gizarteak, oro har" adierazi dute Adegiko buruek. Inflazioaren gorakada soldatetara eramatearen inguruan Adegik duela hilabete batzuk igoera hori urte batzuetan banatzea gomendatu zien bere kideei.