• ENPRESAK GAUR
  • Nazioarteko ekonomiak gero eta kezka handiagoa eragiten die Gipuzkoako enpresei

Nazioarteko ekonomiak gero eta kezka handiagoa eragiten die Gipuzkoako enpresei

Adegik aurkeztutako koiunturak dio hamar enpresetatik bederatzik aurreikusten dutela plantilla mantentzea edo handitzea

Merkatua atzeraldian dago industria enpresen %27,5arentzat | Argazkia: Adegi
Merkatua atzeraldian dago industria enpresen %27,5arentzat | Argazkia: Adegi
2025eko maiatzaren 28a

Adegik prentsaurrekoa eskaini du gaur, Gipuzkoako Koiunturari buruzko inkestaren emaitzak aurkezteko eta egoera ekonomikoa aztertzeko, bihar egingo baitu Adegik Urteko Batzarra.

 

Merkatuaren egoerarekin hasita, enpresen %79k adierazi du egungo egoera normaltasunean edo suspertze prozesuan dagoela, iaz baino bi puntu gutxiagorekin. Ondorioz, gora egin du merkatuaren egoera atzeraldikoa dela uste duten enpresen kopuruak, iaz baino 2 puntu gehiagorekin (%21). Sektoreka, industria enpresak dira datu ezkorrenak eman dituztenak: merkatua atzeraldian dago industria enpresen %27,5arentzat, eta, aldiz, zifra hori %11ra jaisten da zerbitzu enpresen kasuan eta %7,5era eraikuntza enpresen kasuan.

Enpresen fakturazioak ez du gorabehera handirik izan aurreko hiruhilekoaren aldean, industria sektoreak behera egin duen arren (-%0,7) eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreak gora egin duelako. Orotara, barne-merkatuaren fakturazioak egin du gora (%0,8), eta, behera, aldiz, kanpo-merkatuarenak (-%1,3). Salmentek hazkundea izan dute hiru sektoreetan aurreko hiruhilekoaren aldean: %26 zerbitzuen sektorean, %26,5 industria-enpresetan eta %33,5 eraikuntzan. Hala, puntu batean jaitsi da salmentak behera egin dutela adierazi duten enpresen kopurua (%23), hamar puntu gehitu da salmentak berdin mantendu direla esan dutenena (%50), eta hiru puntu handitu da salmentak mantendu edo gehitu direla baieztatu dutenen kopurua (%77).

 

Enpresen eskaera-mailak baxua izaten jarraitzen du: %22,5 inguruan mantentzen da, hau da, 2021eko urtarrilaz geroztik izandako mailarik baxuena, eta iazko zenbatekoa bi puntu txikituta. Hiru enpresetatik batek (%33,5) dio eskaera-maila altua duela eta enpresen ia erdiak (%43,5) eskaera-maila normala duela dio. Ekoizpen ahalmena ere puntu bat beheratu da urtebetean, nahiz eta urtarrileko maila baino 0,5 puntu handiagoa den.

Plantillari eta enplegatu kopuruari dagokionez, negozioen gehiengoak (%91) uste du berdin mantendu edo handitu egingo dela, nahiz eta industriaren kasuan enpleguaren sorrera gelditu egin den. Zehazki, plantillan aldaketarik ez egotea aurreikusten du enpresen %73,5ak, iaz baino 6,5 puntu gehiagorekin; enplegu-maila jaitsiko duten enpresen kopurua 2,5ean beheratu da urtebetean, soilik inkestatuen %9k adierazi baitu hori.

Azkenik, kezka-faktoreak zein diren ere aztertu dute berriro ere Adegikoek, eta gaur egun ondorengoak dira kezka nabarmenenak: lan-kostu altuak eta soldata igoerak (%43,5, iaz baino 7 puntu gutxiago), nazioarteko ekonomiaren ahultasuna (%36,5, iaz baino 3,5 puntu gehiago), langile kualifikatuak lortzeko zailtasunak (%35,5, iaz baino 8,5 puntu gutxiago) eta lan-absentismoa (%32,5, iaz baino 5 puntu gehiago).