Berrikuntza eta ekintzailetza hobetu beharreko alderdiak direla adierazi du Isabel Busto Adegiko presidenteak. Adegi eta Kutxabank erakundeek gaur goizean Donostian antolatu duten gosari batean adierazi du hori Bustok, Euskal industriaren erronkak eta aukerak lelopean egindako topaketan. Bertan izan dira, besteak beste, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, eta Anton Arriola, Kutxabankeko presidentea.
Adegiko lehendakariak gogoratu du gaur egun Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik dituela EAEk biztanleko BPGa eta ustiapeneko soberakin gordina, baina, hala eta guztiz ere, “ezin dugula lo hartu”. Draghiren azken txostenari erreferentzia egin dio: Txina eta Estatu Batuen aldean Europa atzean geratzen ari den moduan, EAErekin ere antzera gertatzen ari dela nabarmendu du.
Automobilgintzaren sektorearen afera ere mahaigaineratu du, “krisi estruktural” gisa definitu eta “zalantzarik gabe, ito egin duen Europako araudi batek lagundu duela” adierazi du. Bustok beharrezkotzat du “industria bultzatzeko agenda argia”, eta autogobernuak eskaintzen dituen tresna guztiak erabili behar direla deritzo, autonomia fiskala, kasuak kasu.
Kutxabankeko lehendakariak esan du Europar Batasunak aurrerapauso bat eman behar duela berrindustrializazioan, eta industriaren garrantzia azpimarratu du, “EAEn sortzen diren ehun eurotatik hogeita lau industriaren sektoreari baitagozkio”.