Laboral Kutxak eta Adegik lankidetza hitzarmena sinatu dute, Gipuzkoako enpresak “erronka berrietara egokitu” daitezen. Horrela, bi erakundeek kolaborazio esparrua abiatu dute, eta, azaldu dutenez, jasangarritasun eta lehiakortasunaren arloan lagundu nahi diete enpresei.
Laboral Kutxa Adegiren bazkide bilakatuko da, eta aukera izango du Gipuzkoako enpresarien elkarteak ordezaktzen dituen 3.000 enpresa baino gehiagoren jardunbideak eta esperientziak ezagutzeko.
Adegiko zuzendari nagusi Jose Miguel Ayerzak modu positiboan baloratu du kreditu kooperatibarekin erdietsitako akordioa, eta azpimarratu du mota honetako aliantzak “funtsezkoak direla Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzeko eraldaketa ekonomiko, teknologiko eta sozialeko testuinguru batean”.
Era berean, nabarmendu du Laboral Kutxaren inplikazioak enpresa, industria eta gazteak lotzen dituzten ekimenak indartzea ahalbidetuko duela, eta erakundeak etorkizunerako hobeto prestatzen lagunduko duela. Ayerzak azpimarratu du akordio honek enpresa-ekosistema sendoagoa, berritzaileagoa eta gero eta zorrotzagoa den ingurune globalean lehiatzeko prestatuagoa finkatzen laguntzen duela.
Susana Andrés Laboral Kutxako Enpresa zuzendariak, bestalde, Gipuzkoako industria-sarearen “dinamismoan eta erresilientzian” jarri du azpimarra, eta Adegirekin eratutako aliantzak “Laboral Kutxak Gipuzkoaren eta bertako enpresen garapenarekin duen konpromisoa berresten duela” adierazi du.
Halaber, hitzarmenaren oinarrizko zutabeetako bat enpresa-mundua eta talentu gaztea
lotzeko bi egitasmoren garrantzitsuren babesa izango da: Industria Gunea (Industriaren errealitatea bigarren hezkuntzako ikasleei hurbiltzeko diseinatutako programa) eta New Culturers (elkargune bat da, non antolakuntza-kultura berri baten pean lan egiten duten enpresak Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleekin harreman zuzenean jartzen diren).