Adolfo Plazak hartuko du Laboral Kutxako lehendakari kargua

Urte bukaeran ordezkatuko du Txomin Garcia. Laboral Kutxako Kontseilu Errektoreak aho batez bere izena proposatu du

Adolfo Plaza | Argazkia: Laboral Kutxa Adolfo Plaza | Argazkia: Laboral Kutxa

Ondo bidean, urte amaieratik aurrera Laboral Kutxak presidente berria izango du: Adolfo Plaza orain arteko Zuzendaritza Batzordeko arlo finantzarioko zuzendariak hartuko du kargua, Txomin Garcíak erretiroa hartu ostean. Hala proposatu du aho batez entitateko Kontseilu Errektoreak, oraindik Espainiako Bankuaren egokitasun-ebaluazioa jaso beharko badu ere.

Garciak 2009an hartu zuen garaian-garaiko Euskadiko Kutxako lehendakaritza. 2012an Ipar Kutxarekin bat egin eta Laboral Kutxa izatera igaro zenean, presidente izaten jarraitu zuen.

Garciak haren ordezkoaz adierazi du: "Espediente akademiko bikaina izateaz gain, esperientzia handia du banku-jardueran, eta oso ondo ezagutzen du esparru arautzaile eta gainbegiratzaile berria". 2006an iritsi zen entitatera, orduko Ipar Kutxara, Barne Ikuskaritzako eta Arrisku Kontroleko zuzendaritzaz arduratzeko. 2013an, fusioarekin, Laboral Kutxako Eragiketen zuzendaritzara igaro zen, baita Kontseilu Errektoreko idazkari eta Ikuskaritza Batzordeko kide ere.

Emaitzak onartuta

Izendapena proposatzeaz harago, Laboral Kutxako Ohiko Batzarrean —larunbatean eginikoa— 2022ko emaitzak onetsi dira. Mondragoneko kooperatibak 150,5 milioi euroko irabazi garbi bateratuak izan zituen 2022an, eta Garciaren hitzetan "sobera gainditzen du Kudeaketa Planean aurreikusitakoa". Kaudimenari dagokionez, % 22,24ko CET1 ratioa du, lider absolutu izanda, eta LTD likidezia-ratioa % 64,72ko portzentajean dago kokatuta, gordailuen aldeko alde handiarekin.

2023ko kudeaketa planari dagokionez, "ohi baino ziklo estrategiko laburragoa", agenda bikoitza izango du entitateak, Xabier Egibar Zuzendari Nagusiak azaldu duenez. Lehena, finantzen eta arriskuen kudeaketan "zorroztasunari" eutsita, lehentasunezko segmentuetan kuota eta merkatuak handitzen jarraitzea. Bigarrena, teknologiaren, zibersegurtasunaren eta datuen esparruetan inbertsioa areagotzea, "errentagarritasunak hobera egingo duela aprobetxatuta".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK