
Gipuzkoako enpresei muga zergen eraginari buruz galdetu die Adegik inkesta baten bitartez. Zehazki, enpresa esportatzaileengan izango duen eragina aztertu nahi izan du patronalak. Emaitzetan jasotzen denez, Gipuzkoatik esportazioetan ari diren enpresen %38 ari da AEBra produktuak zabaltzen, eta batez beste merkataritza harreman horrek %15eko ekarpena egiten die guztizko fakturazioan. Inkestak aditzera ematen du, dena den, aldeak direla azken zifra horretan: zenbait enpresetan %1eko pisua du fakturazioan, eta beste batzuetan %75 eta %78 bitartekoa. Edozein kasutan, esportazio horiek suposatzen duten fakturazioan jaitsiera espero da, %4,5ekoa.
Gauzak hala, enpresen %36k aurreikusten du beherakada AEBra egiten diren esportazioetan, baina bada %5,5 bat horietan gora egitea espero dutenak. %58,5ek dio bere horretan mantenduko direla. Aldiz, zifrak aldatu egiten dira muga zergen eraginari buruz galdetzean: %17k eragin oso handia aurreikusten du, eta eragin handia %25,5ek. Denera, beraz, %42,5az arituko ginateke. %20k dio eragina batez bestekoa izango dela, eta %37k espero du eragin txikia edo oso txikia.
Muga zergen pisua preziora eramateko asmoaz galdetuta, %47k dio translazioa %100ekoa izango dela (gehienak makineria eta ekipo adarrekoak), %3ren hitzetan %80koa izango da, %5,5ek adierazitakoaren arabera %50 eta %80 bitartekoa, %3ren aburuz %20 eta %50 bitartekoa, eta %20tik beherakoa izango dela dio %25ek. Enpresen %16,5ek dio muga-zerga marjinak murriztuz xurgatzeko asmoa dutela. Azken bi talde horietan, enpresak metalurgiaren eta industria ez-metalikoaren adarrekoak dira gehienbat.