Tubos Reunidosek ez du AEBetan gehiago ekoitziko

Houstoneko lantegira tutuak bidaltzeak izugarrizko galerak ekarri dizkio enpresari, muga-zergak direla eta

Hodiei azken ukituak ematen zaizkie AEBn | Argazkia: Tubos Reunidos
Hodiei azken ukituak ematen zaizkie AEBn | Argazkia: Tubos Reunidos
2025eko urriaren 10a - 08:37

Tubos Reunidos enpresak erabaki du ez duela gehiago esportatuko AEBetara, Donald Trumpek ezarritako muga-zergek kalte handia egiten baitiote Amurriko konpainiari.

 

Tubos Reunidosek hodiak fabrikatzen ditu Euskal Herrian, baina soldatze prozedura egiteko AEBetara bidaltzen ditu, Houstonen (Texas) kokatzen den lantegira, hain zuzen ere. Ordea, eragiketa esportaziotzat jotzen du AEBk, eta, ondorioz, %50eko muga-zergak ordaindu behar ditu euskal enpresak.

Erabakia atzo iritsi bazen ere, urte osoko emaitzak aztertu dira aurrez: lehen seihilekoan konpainiak 28,4 milioi euroko galerak eta 15 milioi euroko emaitza negatiboa izan zuen, batik bat, muga-zergen ondorioz; orotara, salmenten %45 AEBn egiten du taldeak. Are gehiago, Josu Calvo presidenteak jakinarazi zuenez, 50 milioi euroko galerak aurreikusten zituen konpainiak urte amaierarako.

 

Arazoari aurre egiteko, konpainia beste merkatuetara hedatzen saiatuko da, besteak beste, Saudi Arabiara eta Indiara. Euskal Herriko egoera, aldiz, ez da horren xamurra: uztailean Tubos Reunidosek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ERE) ezarri zuen Amurrioko lantegian –irailaren 1etik 2026ko otsailera bitartekoa–, zeinak 848 langilerengan izan duen eragina. Iruña Okako (Araba) lantegian ere ezarri zen EREa pasa den urtean, sei hilabetez.