Lointekek energia azpiegitura berri baten eraikuntzan parte hartuko du AEBetan. TerraPower konpainia estatubatuarrak Wyomingen egin asmo duen Natrium izeneko lantegiaren eraikuntzan parte hartuko du, hain zuzen.
Ohar bidez azaldu dutenez, Natrium proiektuak “teknologia berritzailea” erabiliko du, beroa gatz urtuen bidez biltegiratzen duen sistema baten bitartez, eta horri esker, elektrizitate ekoizpena %45 handitzeko aukera izango bost ordu baino gehiagoz, energia eskaria handitzen denean.
TerraPowerrek Lointek hautatu du bazkide teknologiko gisa, planta berriko lurruna sortzeko sistema diseinatu, ingeniaritza garatu eta hornitzeko.
"Proiektu honek bultzada garrantzitsua ematen dio gure industria-jarduerari eta kalifikazio handiko enpleguari. Horrelako konplexutasuna duten ekipoak fabrikatzeko talentua, ezagutza eta inbertsioa behar dira, eta proiektu honek erakusten du Euskaditik irismen globaleko eta balio teknologiko handiko ekimenak lideratzeko gai garela", adierazi dute Javier eta Serafín Loroño Lointekeko arduradunek.
Natrium proiektuak sodioz hoztutako erreaktore nuklear bat eta beroa gatz urtuen bidez biltegiratzeko sistema bat uztartuko ditu, eta 345 MWeko oinarrizko potentzia 500 MWera igotzeko ahalmena izango du bost ordu baino gehiagoz.
TerraPowerrek eta Estatu Batuetako Energia Departamentuak (DOE) batera finantzatuko dute energia azpiegitura "aintzindari" hau. DOEk 2.000 milioi dolar arteko ekarpena egingo du.
"Ez gara planta aitzindari batean parte hartzeaz soilik ari. Datozen hamarkadetako energia-apustu nagusietako bat bihur daitekeen teknologia batean sartzen ari gara. Gure bezeroekin batera hazten jarraitu nahi dugu eta eraldaketa horren parte aktibo izan, lehen unetik bertatik", gehitu dute Lointekeko buruek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta