• ENPRESAK GAUR
  • Aefame familia-enpresen elkarteak X. Urteko Batzarra egin du

Aefame familia-enpresen elkarteak X. Urteko Batzarra egin du

Jardunaldia antolatu du elkarteak iazko ekitaldiaren balantzea egin eta ekitaldi honetako helburuak aurkezteko; hitzaldia eta mahai-ingurua ere egin dituzte

José Miguel Lanzagorta elkarteko presidentea | Argazkia: Aefame
José Miguel Lanzagorta elkarteko presidentea | Argazkia: Aefame
2025eko maiatzaren 28a - 12:46

Aefame Euskadiko Familia Enpresen Elkarteak X. Urteko Batzarra egin du gaur Chillida Lekun (Gipuzkoa), “10 urte etorkizuna elkarrekin errotzen” lelopean. Elkarteak adierazi du aurtengo batzarra “berezi-berezia” dela, hamargarren urteurreneko ospakizunekin bat eginik antolatu baita.

 

Batzarrean bildu dira elkarteko bazkideak, EAEko ordezkari instituzional, ekonomiko, enpresarial zein sozialak, baita elkarteari dagozkion sektoreetan “liderrak” diren familia-enpresetako kideak ere. Goizeko 09:30ean hasi eta elkarteko bazkideek 2024ko ekitaldiko balantzea egin dute, baita aurtengo ekitaldirako helburuak ezagutarazi ere. Ondoren, 11:00etan, bestelako erakunde eta enpresak gehitu dira ekitaldira, eta hitzaldiaz zein mahai-inguruaz gozatzeko aukera izan dute.

Lehen hitzaldiari sarrera eman dio José Miguel Lanzagorta Aefameko presidente eta Iparvending Groupeko kontseilari ordezkariak, eta jarraian “Familia-enpresetatik familia enpresarira, esentzia galdu gabe” izeneko hitzaldia eskaini du Manuel Domínguez de la Maza Indumenta Pueri konpainiako presidentek. Ondorengo mahai-inguruan Nerea Uribe-Etxebarria Aefameko Kimuak gazte-taldeko presidenteak gidatu du, eta mahaikide izan ditu Borja Oyarzabal Banco Santanderreko merkataritza-zuzendari globala eta Tresmares Capital enpresaren sortzaile zein zuzendari exekutiboa, eta Alfonso Líbano Cobegako presidenteordea eta Family Business Network Internationaleko presidentea. Batzarra Imanol Pradales EAEko lehendakariak itxiko du 14:00etan.

 

Aefamek gogorarazi du familia-enpresen helburua “ondarea belaunaldiz belaunaldi mantentzea” dela, eta, horretarako, “funtsezkoa” dela etorkizunean pentsatzea, ez soilik epe laburrean.