Zabalik da AEKko Euskal Herriko Euskaltegietan izena emateko kanpaina. Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean, "pizkunderako erronkan" beste pauso bat eman nahi du sareak. Izan ere, hamar urteko epean 300.000 euskaldun gehiago izateko helburua jarri du ortzimugan, urtez urte 30.000 euskaldu oso irabazita.
Helburu horretan hainbat aurrerapauso ematea gakotzat jo du AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek, gaur goizean Donostiako Ernest Lluchen eginiko aurkezpenean. Besteak beste, azpimarratu du garrantzitsua dela lan munduan euskarak duen tokia zabaltzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea.
Aurtengo berritasun nagusia Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskara Bonua da. A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, lau urtez ikasi ahalko dute euskara. Nafarroan ere nobedadeak dira. A1 mailako ikasleek ez ezik, A2koek ere matrikularen %100 bueltan jaso ahalko dute. Ipar Euskal Herrian, ohi bezala enpresetan langileentzako dauden formaziorako aukeren artean euskara-ikastaroek doan izaten jarraituko dute. "Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak [...] Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea”, esan du Otañok.
Nazio Kontseiluko ordezkariak gogoratu du AEK 50 urte baino gehiago daramatzala Euskal Herria Euskalduntzen. Hain zuzen ere, mende erdiko erreferentzia hori hartu du abiapuntu 2026-2027 ikasturterako matrikulazioa sustatzeko logoak. “1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen, eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari. [...] Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen", plazaratu du. "Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan
dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak”, gehitu du.
Otañorekin batera, aurkezpen prentsaurrekoan izan dira Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduraduna, eta Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakaslea eta Iñaki Carcavilla Garasa ikaslea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta