Lau hilabete igaro dira Aernnovako administrazio kontseiluak Ricardo Chocarro ordura arteko CEOaren dimisioa onartu zuenetik, 2026ko urtarrilaren 1ean gauzatuko zena. "Arrazoi pertsonalak" izan ziren Chocarrok zazpi urtez izandako kargua uzteko arrazoia, eta administrazio kontseiluarentzat haren ordezkaria topatzeko lasterketa hasi zen orduan. Gasteizen egoitza duen enpresak gaur iragarri du nork hartuko duen kargua: André Wall orain arte RUAG Internationaleko eta Beyond Gravityko CEOa.
Ingeniaritza Mekanikoan masterra egin zuen Wallek Berlingo TH unibersitate teknikoan, eta 30 urtetik gorako esperientziea du hegazkingintzaren eta aeroespazioaren industrian. Besteak beste, eraldaketak bultzatzea egokitu zaio, eta Aernnovak azpimarratu duenez, ezaguna da bere "lidergo berritzaileagatik" eta "talde garapenari loturiko ikuspegiagatik". Ardura karguak izan ditu hainbat enpresetan, tartean, BMW Rolls-Roycen, Toyotan edo Iberian.
Izendapena uztailean egingo da ofizial, eta tarte horretan enpresako kontseilari izango da Wall. Grant Skinner presidente exekutiboak esandakoaren arabera, Wallen aldeko apustuak "indartu egiten du" Aernnovaren konpromisoa "ingeniaritzan eta egitura metaliko aeronautiko handien hornitzaile izateko estrategiarekin". Zehazki, beren lana izango da 2026-2028 Plan Estrategikoa gauzatzea. Era berean, Skinnerrek nabarmendu du "Andréren esperientzia eta haren lidergoa gako izango direla etengabeko hazkundea lortzeko, eta egungo zein etorkizuneko konfiantzazko bazkide izateko". Wallek, bestalde, adierazi du "desiatzen" ari dela "Aernnova bezalako enpresa proiektu baten lanean hasteko, eta enpresaren eraldaketa eta hazkundean aurrera egiteko".