• ENPRESAK GAUR
  • Agaleusek Bilboko Portuan egingo duen planta ingurumen izapidetze prozesuan dago

Agaleusek Bilboko Portuan egingo duen planta ingurumen izapidetze prozesuan dago

Zornotzan itxiko den Saderren lantegiarekin "zerikusirik ez duela" esan du portuko presidenteak. Getxoko eta Santurtziko udalen ustetan proiektuak ingurunea kutsatuko du

Bilboko portua | Argazkia: iStock
Bilboko portua | Argazkia: iStock
2025eko otsailaren 21a
Eg. 2025eko otsailaren 21a

Agaleus Circular Thinking taldeak abiarazitako tramiteak Bilboko Portuan planta berri bat zabaltzeko hautsak harrotu ditu. Izan ere, talde beraren kide den Saderrek Zornotzan duen planta itxiko duela iragarri ostean, Bilboko Portuan (Zierbenan zehazki) beste planta bat tramitatzeko prozesua abiarazi du. Planta horrek Zornotzakoaren itxierarekin "zerikusirik ez duela" argitu du gaur Ricardo Barcala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, portuaren emaitzak aurkezteko agerraldian, gaiaz galdetu zaionean. Alegia, ez dela lekualdaketarik egingo, baizik eta planta berria sortzea dela ideia.

 

Zierbenakoa hondakinen balorizaziorako planta izango da, eta Barcalak azaldu duenez, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen izapidetzea igaro behar du orain. Hark ontzat joko balu —Backalak uste du hala izango dela—, portuak berak eman beharko lituzke hurrengo pausoak.

Lehendakariak adierazi du planta berria zero emisiokoa izango dela, eta gaineratu du zentzua duela planta portuan kokatzeak. Hain zuzen, bertan tratatuko diren hondakinen %60 portuan sortzen direla jakinarazi du, eta, hortaz, garraio kostuak eta emisioak murrizteko aukera emango luke kokapenak.

 

Getxoko eta Santurtziko udalak Saderren proiektuaren aurka azaldu dira. Lehenengoaren ustetan, aurkeztutako proiektuan ez dira behar bezala aztertu kutsatzaileen, usainen eta inguruko airearen kalitatean sortu daitezken kalteak. Santurtziko Udalari ere ez zaio egokia iruditu planta berria garatzeko aukeratu den tokia, proiektuak herritarrengan “eragozpenak” sortuko baititu, “zarata, usain eta emisio kutsatzaileen ondorioz”. Horri erantzunez, Barcalak dio "ez duela usain arazorik sortuko".