Agregatu sintetikoak egiteko lantegi berri bat ireki du Petronorrek Bilboko portuan. BEA Biscay Eco Aggregates izena izango du fabrikak eta OCO Technology konpainiarekin lankidetzan sustatu dute. Azaldu dutenez, lantegiak hondakinak eraikuntzarako material jasangarri bihurtuko ditu karbonatazio bizkorreko teknologiaren (ACT) bidez, eta horrelako lehen fabrika izango da Europa osoan
Eginiko kalkuluen arabera, hondakinak erretzetik ateratako 50.000 tona errauts erabiliko dituzte urtean, eta karbonatazio prozesurako 6.000 tona karbono dioxido atzeman dituzte. Modu horretara, aurreikusten dute agregatu naturalen erabilpena 170.000 tona murriztea urtero.
Lantegiak 20 lanpostu berri sortuko ditu, eta guztira 20 milioi eurokoa inbertsioa egin dute.
Aitor Arzuaga Petronorreko transformazio-proiektu berrien zuzendariaren arabera, “deskarbonizazioaren bidean, gure estrategia bigarren eraldaketa handi bati heltzetik igaroko da, ekonomia zirkularra oinarrietako bat izanik. Proiektu hau guztiz bat dator ikuspegi horrekin, hondakinak eta CO 2 lehengai (ekoagregakin) bihurtuko ditugun heinean, eta horren laguntzaz, hondakinak eta CO2 isurtzearen arazoa saihestuko dugu, baita agregakin natural gehiago erabili beharra ere, horrek dakarren inpaktuarekin”.