
Kultur eta Sormen Industrietako proiektuak sortu, saretu eta elkarrekin hazteko Errenteria (Gipuzkoako) gunea da Agustinak Zentroa, eta datorren urriaren 10erako topaketa berezia egingo du herritarrei ezagutzera emateko bertan dauden sortzaileen ibilbideak, lanak eta sorkuntza-prozesuak. Halaber, artista, sortzaile eta kultur eragileentzak topagune ere izan nahi du, esperientzia trukeak bultzatuta.
Denera bederatzi sortzaile eta proiektu izango dira bertan, den-denak egun Agustinak Zentroan daudenak: Txatxala, eskuzko artisau-osagarrien marka; Anne Gago moda diseinatzailea eta Anne Gago Atelierren sortzailea; DAB Konpainia, dantza garaikidearen bitartez berrikuntzaren eta hausnarketa sozialaren aldeko apustua egin duena; We Are Muga ikus-entzunezko ekoiztetxea; dantza sektorea bultzatu nahi duen Dantzaz Elkartea; Leire Mendizabal ilustratzailea eta ikusizko artista; Kleo Arai artista plastikoa, fluid art eta erretxina-tekniketan espezializatutakoa; Román Egaña arkitekto teknikoa; eta Kroma Artisau Elkartea, jolasa eta jostailuen bitartez teknika tradizionalak berreskuratu eta transmititzen dituena.
Egitarau osoa irailean iragarriko badute ere, tailer praktikoak, hitzaldia, erakusketak eta desfileak osatuko dute jardunaldia.