IDiTEK Consultores enpresa-aholkularitza bat da, Donostian egoitza duena, eta Gipuzkoako hiriburuan zein Oiartzunen ditu bulegoak. Enpresei zuzendutako zerbitzu aurreratuetan espezializatuta daude, bereziki, berrikuntzaren, ikerketaren eta garapenaren (I+G+b), ingurumenaren eta lehiakortasun industrialaren arloan.
“Talde multidiziplinarra dugu, profil tekniko eta kudeaketa profilez osatua, eta esperientzia handia pilatu dugu urte hauetan zehar. Gure bezero portfolioaren ehuneko handiena ETEek osatzen dute, baina enpresa handi eta korporazioekin ere proiektu estrategikoak lantzen ditugu”, esan du Ainhoa Etxabe I+G+b eta ingurumen arloko zuzendariak.
Ainhoa Etxabe: “Harrobi proiektuak praktika naturaletatik kudeaketa-ikuspegi antolatura igarotzen lagundu digu, diagnostiko eta egituraketa prozesuen bidez”
Enpresaren jarduera bideratuta dago konpainien lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzera zerbitzu zehatz batzuen bitartez; hala nola, I+G+b eta berrikuntza proiektuen diseinua eta kudeaketa, laguntzen izapidetza eta justifikazio teknikoa, berrikuntza eta ingurumen arloko kenkari fiskalak eta hobariak, nazioartekotze prozesuetan aholkularitza edota eraldaketa digitalerako eta lehiakortasun estrategietarako planak.
Harrobi ziurtagiria
IDiTEKek Harrobi ziurtagiria lortu du aurten. Enpresako zuzendaritzak hartu zuen prozesuan parte hartzeko erabakia, eta barneko erreferente bat izendatu zen ebaluazioa osoa koordinatzeko. Ziurtagiria Donostiako eta Oiartzungo bulegoei eta antolakundeari osotasunean eman zaio.
Etxaberen arabera, Harrobi ziurtagiria haien identitate korporatiboarekin eta balioekin lerrokatutako konpromiso estrategiko baten berrespena da. Euskara eguneroko lan jardunean modu naturalen erabiltzen dutela frogatzen du, eta hizkuntza kudeaketa egituratua garatzeko jauzia irudikatzen du.
Euskara, lan hizkuntza
Euskara funtsezko lan hizkuntza da konpainiaren eguneroko jardunean; izan ere, barne komunikazio gehienak euskaraz egiten dituzte, bilerak elebidunak izaten dira, euskarak presentzia nabarmena izanez, eta bezeroekin, aukera duten bakoitzean, komunikazioa euskaraz jorratzen dute.
Edonola ere, egungo puntura iristeko ahalegin handiak egin dituzte. Langile gehienak euskaldunak izatea oinarri sendoa izan da. “Harrobi proiektuak praktika naturaletatik kudeaketa-ikuspegi antolatura igarotzen lagundu digu, diagnostiko eta egituraketa prozesuen bidez”, adierazi du Etxabek.
Zuzendaritzak konpromiso argia du, eta barne-interlokutore bat dago hizkuntza ekimenak koordinatzeko
Harrobi esparrua erabiliz, enpresaren hizkuntza praktikak aztertzen eta neurtzen ari dira. Zuzendaritzak konpromiso argia du, eta barne-interlokutore bat dago hizkuntza ekimenak koordinatzeko. Gainera, epe ertainera, ekintza-ildo egituratuak garatzen ari dira.

Gure hizkuntzaren normalizazioan laguntzen jarraitzeko konpromisoa
Halaber, egunero euskara bultzatzeko hainbat ekintza antolatzen ditu enpresak; esate baterako, barne mezuak eta dokumentazioa euskaraz edo elebitan lantzen dituzte, bileretan euskararen erabilerari lehentasuna ematen zaio, eta kanpo harremanetan euskara lehenesten dute.
Etorkizunera begira, epe laburrean praktika egokiak egonkortzeko eta estandarizatzeko erronka du taldeak. Epe ertainean, aldiz, euskara barne hizkuntza nagusietako bat izatea, eta bezero eta aliatuekin ere presentzia handiagoa lortzea dute helburu. Eta, azkenik, epe luzean, haien bezeroei zein barne mailan sortutako dokumentazio tekniko eta administratiboa euskaraz izatea lortu nahi dute.
Egunero euskara bultzatzeko hainbat ekintza antolatzen ditu enpresak; esate baterako, bileretan euskararen erabilerari lehentasuna ematen zaio, eta kanpo harremanetan euskara lehenesten dute
Etxaberen aburuz, zuzendaritzaren konpromiso argia bermatzea funtsezkoa da, baita errealitate soiletik abiatzea eta helburu errealistak ezartzea ere. Langileen inplikazioa bilatu behar da, eta hizkuntza kudeaketa epe luzeko estrategia gisa ulertu.