• ENPRESAK GAUR
  • Aiaraldeko Industrializazioaren aldeko Mahaia sortuko du Foru Aldundiak

Aiaraldeko Industrializazioaren aldeko Mahaia sortuko du Foru Aldundiak

Eskualdearen etorkizun industriala bermatzea izango du helburu, eta azaroaren 26an bilduko da lehen aldiz

Ramiro González Arabako diputatu nagusia | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Ramiro González Arabako diputatu nagusia | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko urriaren 23a - 12:38

Aiaraldeak ez ditu bere garai oparoenak bizi. Ez behintzat industriari erreparatuz gero: Valvospain eta Guardian enpresak itxi dituzte, 276 langileren kaleratzea ekarri duena;  Tubos Reunidosen aldi baterako erregulazio espedientea iragarri zuen irailetik otsailera iraungo duena, eta langileen %85ri baino gehiagori eragingo diona; eta  Maderas de Laudioko Enplegu Erregulazioko Espedientea, 39 langileren kaleratzea ekarri dezakeena, besteak beste.

 

Egoerari erantzuteko Arabako Foru Aldundiak Aiaraldeko Industrializazioaren aldeko Mahaia abiaraziko du. Hala jakinarazi du gaur Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Laudion eginiko agerraldian. "Aiaraldean sumatzen dugun sentsazioa da ibarraren etorkizun industrialari buruzko ezkortasuna ezarri dela", adierazi du. 

Mahaiaren helburua izango da diagnostikoa egitea Aiaraldeko egoera industrialari buruz, eta proposamen "zehatzak" jasotzea bertako lehiakortasuna bultzatzeko. Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailak koordinatuta, lehen bilera azaroaren 26rako deituta dago. Lankidetza publiko-pribatuak ezinbesteko rola izango duela dio Gonzalezek.

 

Industrializazioaren aldeko ekimena ez da eskualdeari bultzada emateko martxan jarri den bakarra. Estrategia zabalago baten kokatzen da, azpiegituretan, kulturan, gizarte-zerbitzuetan eta industrialdeen modernizazioan egindako inbertsio historikoak barne. Aiara Industria Labek, alaber, helburu du digitalizazio-proiektuak, unibertsitatea-enpresa konexioa, jasangarritasuna eta ekintzailetza sustatzea.